Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Anoeta bete

Anoeta bete

Amatiño 2014/05/24 16:50
Hogeita hamabi mila ikusentzule bildu omen zituen orain hurrengo ETB2k eskaini zuen hauteskunde-eztabaidak. Ikaragarri ikusentzule gutxi omen. Bai ote?

Orain dela hiru hamarkada elkarrizketatu nuen nik, Euskal Telebistan, Juan Mari Uriarte Bilboko gotzaina zena. Gaueko 10etatik aurrera zen eta argi gorria noiz isiotuko zain geundela Juan Marik galdetu zidan: “zenbat lagun egon daitezke une honetan gure aurrean?”  Eta erantzun nion: “Ez larregirik… hogeita hamar milaren bat?” (Kontu izan garai hartan hiru telebista-kate besterik ez zeudela guztira). Eta Begoñako pulpitoaren dimentsioetara ohiturik zegoen gotzainak ezarri: “Hogeita hamar mila? Ia San Mames beste!

Segurutik, telebista-dimentsiotan, ETB2ren aurrean jarri ziren 32.000 lagunak (296.000 izan ziren sartu-irtena egin zutenak) ez dira inondik ere asko. Baina Anoetan bildu izan balira eta politikarien mahai-ingurua zelai erdian jarri… sekulako ikuskizuna gero!

Nik izandako maisuak esan ohi zuen, milioi bat ikusentzule telebistan, ehun mila erosle beste zirela egunkaritan, hamar mila irakurle aldizkaritan eta mila liburutan. Arazoa zela, ordea, telebistaren ikuslentzuleak ehun mila besterik ez zirenean; hamar mila, egunkarien erosleak; mila, aldizkarien irakurleak eta ehun, liburuenak. Baina kopuru hauek telebista monopolioa zen garaietakoak dira, Espainia mailan; egungo atomizazioa tarteko, ordea, ez dakit ba nik 32.000 entzule horren gutxi ote diren gurean.

Edozein modutan, zalantzarik ez , “legea” bete beharreko erdi derrigorrezko eztabaida politikoek nekez izan dezaketela erakargarritasun handirik honen merkatu naro eta oparoan. Gainera, bistakoa da “berrikuntza”, “eraginkortasuna” eta “lehiakortasuna” hitzetik hortzera aipatzen diren egungo gizarte honetan telebistako eztabaida politikoek ere beharko luketela nolabaiteko aggiornamentoren bat.

Giro berean, maiatzaren 15ean ikusi nuen nik Europar Batzordearen lehendakaritarako hautagaien arteko debatea eta -- eraz, moldez zein edukiz— interesgarri samarra iruditu zitzaidan, hasi eta buka jaramonarazi zidan behintzat.

Izan ere, zer gerta ere ezin uka, gure artean ezinbestekotzat jo ohi diren formatoek badutela zertaz aldatu eta non ikasi.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: