Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Anjel Lertxundiren mosaikoa

Anjel Lertxundiren mosaikoa

Amatiño 2020/05/30 13:55
Dendara joan-eta, libururen bat eskuan hartu eta erosteko --ala ez-- erabakia ez da beti kontzientea izaten edo, hobeto esan, kontzientziak ezusteko arrazoiak baliatu ohi ditu, generoaz, gaiaz, autoreaz, tituluaz eta azalaz gainera.
Anjel Lertxundiren mosaikoa

Anjel Lertxundi

“Buruan izan dudan irakurlea literaturzalea da, ez bereziki literaturan aditua. Irakurtzeaz aparte literaturaren joan-etorriak eta aroztegia interesatzen zaizkiona… “ dio, eroslea animatze aldera-edo, Anjel Lertxundik, Itzuliz usu begiak (Alberdania, 2019) saiakeraren atzeko azalean. Arrazoi horiengatik balitz, nik ez nuke sekula liburua erosi izango. Bai, ostera, erosten amaitu, beste arrazoi bi guztiz bestelakorengatik. Ziur, Anduk berak irabazia duen “auctoritas”agatik eta, nabarmen, teselez egindako barne-banaketagatik. Arrazoi batak zein besteak, biek dute konfiantzarekin zer ikusirik; aurrena, idazlearekiko konfiantza eta, bigarrena, nire buruarekiko konfiantzarik eza. Alegia, gero eta gehiago kostatzen zaidala liburuak ordena kronologikoan irakurtzea eta atzetik hasteko tentaldia gainditzea.

“Gramatika ez da nire negoziatua” –dio liburuaren erdialdean egileak, literatura nirea ez den bezalaxe, antza, baina, e(us)kosistemaren behatzaile orokorra (orokorregia) naizen aldetik, ez dut uste askorik tronpatuko naizenik badiot, ezohiko lan izugarri landua osatu ahal izan duela Anjelek, beste inork aurretik erakutsi izan ez duen erudizioaz.

Chillidak sarri  nahi izaten zuen adierazi,  lan-arlo bi arras berdinezak zirela eskulturen arte-sorkuntza eta euren ekoitz-alderdia; Zumetak erabat uxatzen zuen pintura-emaitzen nondik norakoa hitzez azaldu nahi izatea; eta Formula1-eko gidaria izateko ez dago, segurutik, automozio-teknikari gipuzkoarra izan beharrik. Baina Lertxundik, euskal literaturaren erreferentziarik onenetakoa izateaz gainera, lantegia zertan den bertatik bertara ezagutzen du, lehengaien berezitasunak antzematen ditu eta materialen hartakotasuna menderatzen, barne-merkatuaren zein kanpokoaren berri daki eta, besteak beste, larre motzean hazia eta heziaren kudeaketa konplexuan gorpuztutako arotza da. Eta guztia gutxi bailitzan, bere eskarmentua kontatzeko gertu dago, beste behin, baita borborka kontatu ere.

Iturri,  jatorri, neurri, esparru eta zernahi larrainetako teselak aurkituko ditu irakurleak, denak errenkadan irakurri beharrik izango ez dituen arren. ”Batzuetan osorik eta beste batzuetan oiloa artaleak jaten nola”, egileak inoiz egin behar izan duen bezala. Hainbat larrutik gertukoak suerta dakizkioke (Altube, Etxaide, Noni eta Nani…) eta beste zenbait, ordea, ikaragarri luzetxo eta astuntxo (Koaderno Urdinekoak), teselatzat jotzeko, behinik behin. Edozeinetan, ordea, Simon Leys idazlearen irudiko “itzulpen txukun bakoitza ´luxuzko artikulu´ bat” baldin bada, Itzuliz usu begiak da bitxitegi joria, jarrialdi bakar batez nekez agortzen den eskaintza oparoa, unean uneko sintoniaz, tonuaz eta musikaltasunaz ohartzea eskatzen duen katalogo naroa.

Saiakera, ia-ia esan gabe doa, itzulpen-ariketa, jarduera eta langintzaren aldarrikapena da bete-betean: “itzulpengintza zubia da gure eta beste literaturen artean”. Baita itzultzaileen 'arartekoa' ere, lauzpabost hamarkada luzetan lan eskerga egin arren, sarriegitan izena aipatu beharra ere aitortu ez zaienez gero.

Literatura-Itzulpenaren inguruan ez ezik, hizkuntza-itzulpenaz, oro har, sortuak diren hamaika aje eta eztabaidaren pastorala. Mosaiko antza osatua eta moldatua, teselak banan-banan irakurtzeko, bakardadea, gauerdiko ipurtargia eta tarte urria besterik ez da behar. Mosaiko osoa ikustatzeko eta haren osotasunaz jabetzeko, ordea, distantzia handiagoa hartu behar… eta proporzio bereko diafragma eta argiztapen globala.

Edozein mosaiko da tesela guztien bilduma baino zerbait gehiago, baina nekez, gero, beste arte-motarik non zatixken hutsuneak horren nabari igartzen diren.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: