Anjel Lertxundi, in crescendo
Aitor dezadan nik ez ditudala inoiz gogoko izan ETA, IRA eta horrelakoei buruzko istorio nobelatuak. Jakin ez dakit seguru zergatik. Behar bada gertatu berriegiak direlako, hurbilegi gertatu ere, eta ez naiz denboraz edo geografiaz ari, nik neuk neure inguru-minguruan ezagutu behar izan dudanaz baino. Burruka armatuaren epikari, madarikazio errazegiei zein ezinbestekotzat jo nahi izatearen aitzakiei aldi berean egin izan diet muzin edo, muzin baino gehiago, ez ikusi. Baina Andurenak nitzakeen bahe psikologikoak gainditu ditu.
Elkarrizketaren batean Lertxundik argitu nahi izan du ez dela liburuan zehar bere biografiakorik ezer baina, zoritxarrez, makinatxo bat dira gurean beste horrenbeste ezin izango luketenak esan. Epilogoan Agustinek dioen bezala “hemen kontatzen diren guztiak asmatuak balira ere, ezin esan inoiz gertatu ez direnik”.
Liburuan denetarik dago. Pasarte estresagarriak (auto barruan), pentsamendu sakonak (balore moralen aldarria), hausnarketa latzak (gurariak, irudipenak, barne-mamuak...), kritika zorrotzak (erakusteko euskalduna naizela neu ere) eta jokaldi arinak (gona motzaren gorabeherak). Dena elkarrekin ikaragarri ondo josia, sekula haririk galtzeke eta, gainera, beti ere in crescendo.
Alberdania, 2011