Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Anekdota eta kategoria: euskara eta gaztelaniaren arteko alde kritikoa

Anekdota eta kategoria: euskara eta gaztelaniaren arteko alde kritikoa

Amatiño 2023/04/27 07:45
Nerea Arostegik (Bilbao, 1991) argitara eman berri du “Euskaratú. Sabes más euskera de lo que crees” deritzon liburua. Arostegik berak azaltzen duenez, ez da filologoa, ez historialaria, eta ez du euskararen gaineko ikasketarik egin. Baina euskaldun berria da eta kazetaria. Eta, gainera, nahiko ausarta.
Anekdota eta kategoria: euskara eta gaztelaniaren arteko alde kritikoa

Nerea Arostegi

Ausardia-puntua behar baita 180 orrialdeko "saiakera" burutzeko, herrikideei adierazteko euskara dirudien baino hurbilago dutela,  edozein euskal hiritarrek uste baino euskara gehiago dakikeela iradokitzeko eta, agian, garaia dela euskararen zailtasunaren inguruan txirikordatutako mitoak askatzeko eta aurreiritziak hausteari ekiteko.

Areago, elkarrekin komunikatzeko aski omen denez bizpahiru mila hitz ikastea, Nereak euskal gizartean sarri entzun eta edonori ezagun samar egiten zaizkion 376 hitz bildu ditu, errenkadan jarri, oinarrizko hiztegitxoa moldatu eta, ziztuan, irakurleari esan, animatze aldera edo: “igual es que estás más cerca de hablar euskera de lo que piensas”.

Dena den, guztiaz ezer berririk ez. M. Gema Torres Garoña irakasleak (1993) orain 30 urte bildu zituen (1) euskal gizartean gaztelaniaz arrunt asko erabili ohi diren 400 hitz, eta 43 urte (1980) dira, hebreera ikasteko eskola-ereduak (2) erakutsi zigula 200 hitz hautatu aski izan daitezkeela buruz buru berbetan hasteko. Hitz (eta aditz) hautatuekin, ordea, ez han-hemenka arrapaladan hartutako lexiko fosilduekin (izen-abizenak, baserri-deiturak etab.).

Esaterako, Athleticen ereserkiaren letrak 75 hitz ditu. Euretarik 52 ezberdinak, zeinetatik 12 aditzak diren. Errealarenak, ordea, 168 hitz ditu, baina funtsean 13 ezberdin besterik ez, behin eta berriz eten barik errepikatzen direnak, batere aditzik gabe, gainera. Hartara, hitz-kopurutan Errealaren ereserkiak Athleticenak bikoizten duen arren, testu txuri-urdinaz ez dago esaldi bakar bat ere moldatzerik. Zuri-gorrien zenbait esaldirekin (3), aldiz, euskaraz hitz egin daiteke. Ez da, beraz, hitz-kopuru kontu soila.

Baina ez gaitezen serioegi jarri, ez baita inondik ere hori izan Nerea Arostegiren xedea liburua osatzerakoan. Zenbaiti irudi dakioke aspaldi iraungitako topikotzar-bilduma, anekdota-sorta umoretsua besterik ez dela; eta beste hainbati, ordea, eguneroko lagunen arteko jardun arola. Behar bada, ostera, ez bata eta ez bestea, kazetari-informazio arin eta entretenigarria osatu nahia baino ez, igande-osagarrietako  erreportaien antzera.  Ezin-eta ahaztu, kazetariok ez garela anekdota eta kategoria bereizteko espezierik aproposena.

Hala ere, Nereari bere gustuko lorategia osatzeko beta inork ukatuko ez dion arren, zilegi bekigu tarteka-marteka landatu dituen zenbait basa-lili onartezintzat jotzea. “Ametza” (sueño), “Baigorri” (sí, rojo), “Idiazabal” (buey ancho o generoso), “Saioa” (programa) mendia eta honelako beste hainbat… ez dira liburua goresteko ñabardurarik egokienak. Ezta argitaletxearen zuzentzaileaz fidatzeko modukoak ere.

Hitz bakar batez, lotsagarria. Nekez gerta zitekeen horrelakorik gaztelaniaz. Hau da, nahiz Nerea Arostegik oraindik ulertu ez, euskararen eta gaztelaniaren arteko distantzia kritikoa. Berak laburtzerik lortu ez duena.

1) Interferencias léxicas vasco-románicas en el castellano de San Sebastián, 1993.

2) Imanol Berritua zena lekuko, eta haren Hitz Egin! metodoa tarteko..

3) Danontzat zara zu geuria… herritik sortu zinalako maite zaitu herriak… zabaldu daigun irrintzi alaia,...enborrak loratu dau orbel barria… gora bedi munduan….

Berriatua, San Martin, Satrustegi
Juan San Martin, Imanol Berriatua, Arieh Xoval eta Jose M. Satrustegi, Euskaltzaindiak Jerusalemera 1980an. egindako bisitan, ulpanetan hebreera irakasteko metodoa aztertzeko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: