Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Andres Urrutiak eta Xabier Agirrek dute hitza

Andres Urrutiak eta Xabier Agirrek dute hitza

Amatiño 2009/11/07 22:06
Hiru urte t’erdi joan dira 2006ko ekainean Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako ostraken (zeramika pusketa idatziak) berri jendaurrean eman zenetik hona. Baina Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologoek aurkitu zituzten ustezko III. eta IV. mendeetako jeroglifiko egiptoarrak, kristau-ikurrak eta euskarazko testuak erabat gezurtatu zituzten geroxeago Joaquin Gorrotxategik, Joseba Lakarrak eta bestek. Eztabaida ofiziala erabat ahitu zen, iazko azaroaren 19an, aztarrenon iruzurra frogatzen omen zuen aditu-batzordearen txostena Arabako Foru Aldundiak bere egin zuenean.

Nik ez nuen sekula Iruña-Veleia auziari buruzko Diputazioaren erabakia zalantzan jarri. Honelakoetan konfiantza kontua izan ohi da-eta. Henrike Knörr adiskidea zenak besterik defenditu arren, Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologoen ala Gorrotxategi, Lakarra eta beste irakasleen artean hautatzeko orduan, nik azkenei sinetsi nion bikotearen kaltetan. Izen-ospe kontua.  Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. 

Hala ere, zenbaitek besterik uste izan arren, arkeologoek ez zuten nonbait hain erraz amore eman eta, etsi ezezik, euren tesiaren aldeko hainbat diktamen eta informe metatzen ahalegindu dira.  Honez gero hamahiru txosten bai behintzat, Antonio Rodríguez Colmenero arkeologoarena eta Hector Iglesias filologoarena tarteko.

Auskalo nork duen arrazoia baina zilegi bekit hiru galdera soil egitea:

  1. Hamahiru txosten ez dira gero erraz burutzen --eta are gutxiago izen-abizenez sinatzen— asmakizun hutsez eta batere argudiorik gabe. Zer esanik ez komunikabideetan txarretsi den jarreraren alde, izen ona galdu duten arkeologoen mesedetan eta iritzi zientifiko ofizialaren kontra.  
  2. Arkeologo biek ez omen dute eskatzen merke samarrak bide diren zenbait froga berriro egitea besterik. Batzuok eta besteon ohorearen gainetik, jokoan dagoenak ez al du horrenbeste merezi?
  3. Arkeologia-aztarrenen balioa ukatu gabe, Iruña-Veleiako testuek –egiazkoak balira-- dezente aldatuko lituzketenez gero orain arteko euskal ikasbideak, ez al luke Euskaltzaindiaren Jagon Sailak zertxobait esan behar?

 

Ez dakit baina, ni Euskaltzainburu edo Arabako Diputatu Nagusi banintz ez nuke lasaiegi lo egingo. Eta... benetakoak balira? Historiak ez lieke konturik eskatuko Gorrotxategiri, Lakarrari eta abarri, ezta Euskal Herriko Unibertsitateari ere, Euskaltzaindiari eta Arabako Diputazioari baizik. Teknikarien ezaguera ez dago zalantzan, ezta euren erantzukizunik eza ere. Andres Urrutiak eta Xabier Agirrek dute hitza. Eta komunikazioaren aldetik, hobe gero zenbat eta lehenago.

         

Felix Zubiaga
Felix Zubiaga dio:
2009/11/09 11:40

Aupa, Amatiño! Pertsonei edo erakundeei sor zaioen ohorearen gainetik egia aurrera atera behar da. Egia geugaz oztopo guztien aurka. Ez gaitzatela lehengo tontotzat eta gero koldartzat jo aurkalariok. Ezdelakoan ziria sartu digute eta orain parre egiten digute. Eta euskara, Iruña Beleian agertzen den euskararen lekukotasunak, edo kristatsunarenak, etsai guztiak aztoratu ditu, baina guk ez dugu historia argiago beten bildurrik. Aurrera" Geurea data!

Amatiño
Amatiño dio:
2009/11/10 01:24

Eskerrik asko. Hala ere:

  1. Egia, bai, Joaquin Gorrotxategiren eta Joseba Lakarraren ohorearen gainetik, baina baita Eliseo Gilen eta Idoia Filloyren ohore eta iritziaren gainetik ere.
  2. Ez dakit zein den zure arazoa baina, zilegi bekit esatea, kontu honetan behintzat ni ez nauela inor tontotzat har edo koldartzat jo. Ezta ziririk sartu ere.
  3. Ni ez naiz lagun bila ari, eta ez ditut Gorrotxategi eta Lakarra etsaitzat.
  4. Baina, irakurriak irakurri, zuk defenditzen duzun arrazoiak zu baino defenditzaile hoberik izango al du!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: