Andrazkoen soinekoak gustatzen zaizkigunean
Hainbat kritika eta iruzkinetan irakurri dut Isabel Coixeten “La librería” (The bookshop, 2017) filma ez dela emakumeentzakoa soilik. Egia esan, ez dut ulertzen zer esan nahi ote den horrelako aholkuekin. Ez dut, behintzat, inon entzun emakumeentzat baino ez denik. Orduan… zertara dator aurretiaz abisu hori? Excusatio non petita, accusatio manifesta… ote?
Gero, hala eta guztiz ere, zinera joan-eta, hamarretik bederatzi emakumeak ziren eta gizonezko apurrak, neska-laguntzan. Bakar-bakarrik, ni neu edo ni bezalako sasi-maritxuren bat, nonbait.
Egia esan, La librería filmak emakumeei gustatzeko moduko eduki guztiak ditu. Batetik, protagonista zein kontalaria, biak dira emakumeak; eta biak, nor baino nor, adoretsuak, adoretsurik bada. Bestetik, gidoiak ez dio ezein erromantzeri betarik lagatzen eta maiteminik ezak eskaintzen dio emakumeari nolabaiteko burujabetza. Gainera, historian zehar agertzen diren bi gizonezkorik garrantzitsuenak batere anbiguitaterik gabeko arketipo errazak dira: bata, heldua, literaturazalea, etikoa eta kixote samarra; bestea, gaztea, kaskarina, harroa eta maltzurra. Misterio urri eta konplexutasun urriago.
Bidenabar, pelikula ikaragarri ondo girotua dago, 1960ko hamarkadan, Ingalaterrako itsasbazterreko herrixka xume eta kuxkuxeroan, non liburu-dendarik ez dagoen baina zirrikitu arteko kirikatzailerik ez den falta; eta hau guztia gutxi bailitzan, sekuentziarik sekuentzia, emakumeek azaltzen duten garaiko janzkera-sorta oparoa bezain naroa –lartxo, behar bada, sinesgarri gertatzeko-- edozein andrazko liluratzekoa bestekoa den.
Aitortu dezadan, niri ikaragarri gustatu zaidala filma eta zeharo gogoangarriak iruditu, berriz, soineko guztiak. Arduratzen hasi beharko ote nuke? Ez dut uste. Segurutik ez da batere harrigarria hirurogeiko hamarkadaren hasieran estreinako maitemindu ginenoi orduko nesken estiloa gustatzea.
Segurutik ez da batere harrigarria, hirurogeiko hamarkadan estreinako maitemindu ginenoi orduko janzkera gustatzea