Andoni Areizaga, nagusirik onena
Bertatik bertara, EiTBren bost zuzendari nagusi ezagutzeko aukera izan nuen nik 1982tik 1999ra bitartean: Josu Zubiaur (1982), Andoni Areizaga (1982-1985), Jose Mari Gorordo (1985-1987), Josu Ortuondo (1987-1991) eta Iñaki Zarraoa (1991-1999); eta, inor gutxiesteke, zilegi bekit esatea Andoni izan zela, ene irudiko, denetarik nagusirik onena.
Andoni gizon-puska ona zen eta profesional zintzoa bezain zuzena, zorrotza izan beharrik gabe. Entzuten zekien, jokoa ematen eta lankidetza areagotzen. Buruzagitzari muzin egin gabe hierarkia horizontaletan sinesten zuen gizona, berak dena ezin zuela egin ondotxo zekien nagusia eta funtzio-banaketaren kudeatzaile sutsua.
Andoni Areizagak egoera, gertakari eta abagune zailak bizi behar izan zituen EITBren zuzendari jardun zuen hiru urteetan. Ez naiz ni inondik ere Euskadi Irratiaz hitzegiteko aukerakoena baina, Euskal Telebistaren baitan behintzat, berari egokitu zitzaizkion lehen emanaldiko zertzelada eta ipi-apa guztiak bat etorraraztea, sekula telebistarik egin gabeko lagun-taldea lanean jartzea, oraindik ere indarrean dirauten oinarrizko ereduak balioztatzea, zenbait interes korporatibok eragindako lanuzte lotsagarriei aurre egitea eta EAJren zatiketa erakarri zuen Garaikoetxearen afera herri-telebistaren leihotik kudeatzea.
Andoni Areizaga, kristaua eta abertzalea, jakituna bezain apala, solaskide naroa eta sakona, erakunde-gizona eta alderdi-gizona izan genuen baina, zer gerta ere, gauza guztien gainetik, lehenik eta behin, Euskal Irrati-Telebistaren defenditzaile amorratua eta bere lankideen artzain ona.
Besteak beste, Andoni Areizaga erabateko gizon eskuzabala eta maitekorra izan zen azken uneraino. Hilabete inguru baino ez da zineman aurkitu nuela: 78 urte, minbiziak jota eta, areto-barruan, nire egoeraz eta familiaz arduratuta. Bapo Andoni. Jaioko dira bai berriak, baina kostatuko zaie zure goiari eustea.
Jaso nazazu maitea, azken egunean,
zatoz nere bidera eta adeitsu, irriz, dei nazazu nere izenez,
ni ere erruki handian salbatua izan nadin,
salbatuak elkarrekin eta maitasunean glorifikatuak betirako.
(Xabier Leteren otoitza, Andonik sarri errezatu ohi zuena)
Heinrich C. Möller (Studio Hamburg-en aholkulari nagusia, alemana), Eugenio Iriondo (ETBren lehen Teknika zuzendaria, ondarrutarra), Herbie Eisner (Studio Hamburg-en ekoizpen eta teknika aholkularia, austriarra) eta Andoni Areizaga (EITBren zuzendari nagusia, donostiarra). Hanburgo, 1982
Irakurri berri dut Areizagari buruz idatzi duzuna. Zurekin ados nago. Benetan horrelako aipu bat merezi zuen Andoni Areizagak. EITB' ko zuzendari izan zenean, izan zituen bere korapilloak, eta ez txikiak. Baiño lan handia egin zuen, beti zuzen jokatu zuen, eta asko ahalegindu zen EITB' ko irratia eta telebista martxan jartzen.Azken illabete hauetan, berarekin izan ditut hitz aspertu batzu eta beti arrituta utzi ninduen ikusirik nola jasan zuen bere sendatu eziñeko gaixotasuna, eta nola prestatu zen eriotz ordurako. Zure eta nere lagun batek idatzi didan bezala "era un gran señor". Bere kristau sinismena oso gaurkoa, egiazkoa zen. Beti denetarik ikasten ari zen. Zorionak zuri eman duzun iritzi horregatik.