Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Andaluziar abertzaletasun etnikoa

Andaluziar abertzaletasun etnikoa

Amatiño 2015/03/25 10:45
Andaluziako hauteskunde-bezperan, Madrilgo egunkari handi-mandi horietako batek lar nazionalistatzat jo zuen Susana Diazen kanpaina eta, aldez aurretik, ausart asko, erabateko porrota iragarri. Porrota izan denik ez dirudi, ezta mezu “abertzaleak” etorkizunik ez duenik ere Andaluzian. Independentzia aldarrikatu lezakeen abertzaletasun-motak ez, segurutik, baina… independentzia ala hutsaren hurrengoa, besterik ez al da politikagintzan?

Ia berrogei urteren bueltan ahaztu egin zaigu, nonbait, 1977ko abenduaren 4an bi milioi andaluziar kaleratu zirela “libertad, amnistía, Estatuto de Autonomia” ohiukatuz. Katalunian, Galizian eta Euskal Herrian neurri horretan sekula aurretik egin ez zena, besteak beste.

Hego Euskal Herria, Galizia eta Katalunia “nazio historikoak” zirenik ez zuen ordurako inork zalantzan jartzen. Ezta espainiar Konstituzioaren bide azkarretik (151. artikulua) berezko eskubidez zor zitzaien autonomia lortuko zutenik ere. Madrilen nagusi ziren egitasmoetan, ordea, inork ez zuen uste Andaluzian halako eskakizunik indartu zitekeenik eta, hain zuzen ere, herritarrek kaleratu behar izan zuten, lehen mailako hiru herrialde historikoak baino gutxiago ez zutela nahi izan frogatu ahal izateko.

Andaluziak ez du 1977ko manifestazio jendetsu hura erraz ahaztuko, poliziak José García Caparros gaztea tiroz hil zuen-eta, bandera zuri-berdea eskutan zeramala, berrogei urte lehenago (1936) falangistek Blas Infante, andaluziar abertzaletasunaren aita, bide-bazterrean erail zuten bezalaxe. Geroztik, Andaluziako Autonomia Estatutuaren lehen artikuluak zera dio: “Andalucía, como nacionalidad histórica y en el ejercicio del derecho de autogobierno que reconoce la Constitución…”

Egia da, bai, azken lau hamarkadotako historiak erakutsi duela ezein alderdi andaluziarrek ez duela jakin ahal izan gurari abertzalea bertatik bertara kudeatzen, baina auskalo ez ote den izan euren burua “nazionaltzat” duten alderdiek gutxieneko nahikunde hori asetzen asmatu izan dutelako.

Formulazio politiko guztien gainetik, Sevillan taxia hartu besterik ez dago konturatzeko, hango giro hura “andaluziarragoa” dela Bilbokoa euskalduna baino. Zenbaitek besterik uste arren, EiTBren euskarazko irrati-telebistaren programazio-moldeak Canal Sur-enak baino unibertsalagoak eta kosmopolitagoak dira.

Esanak esan, euskal gizartea andaluziarra baino dezente anitzagoa eta trabesagoa da. Andaluzia espainiar gizarterik etnikoenetakoa da. Eta ez da kritika.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: