Analfabetokeriak “itxen”, harro
Norberaren herriko euskarari muzin egin beharrik gabe, ni neu nahiko kritikoa naiz azken hogei urteotan jendaurreko testuak tokian tokiko euskalkiz idazteko indartu den jokabideaz. Ez diot zentzu praktikorik sumatzen. Gero eta gutxiago. Mugikortasuna ikaragarri gehitzeaz gainera, eskolan eta internetez hazia eta hezia den belaunaldi baten aurrean.
Eibartarra naizen aldetik primeran iruditzen zaizkit Eibarreraz idazteko oiñarrizko erizpidiak. Lan saiatua, egin beharrekoa eta hainbatek elkarlanean egindakoa, apropos etorri ohi da zalantzak uxatu ahal izateko. Kontua da, ostera, eibartarrok ez ezik, ondarrutarrok ere (adibidetzat baino ez) badituztela euren irizpideak, eta ez dut antzematen berdinak direnik, segurutik beste hainbat herritakoak berdinezak izango diren bezalaxe.
Arazoa erabat larritzen da, han-hemenka bizi-herriz aldatzen, euskaldunok gero eta gehiago barreiatzen dihardugun neurrian, eta, zer esanik ez, smart-sistemok zeharo zabaltzen ari diren heinean.
Gehienbat Bilbon, Eibarren, Bergaran, Deban, Zarautzen edo Donostian bizi diren lagunak eta senitartekoak dira nire whatsapp-taldeetan euskaraz idatzi ohi dutenak, eta nik, behintzat, “puntua” hartu ezinda jarduten dut. Segurutik pendatekeria iritziko dio hainbatek whatsapp-taldeetan euskara batuaz aritzeari, baina jakineko arauak bete ezean ez da batere samurra tonuaz asmatzea. Nago, gainera, ez diola ezerri mesederik egiten whatsappez baturantzako ahaleginik egin beharrean, justu kontrakoa egiteak. Ulertu dezaket “egiten” idatzi beharrean “eitten” idaztea, eibarreraz idazteko irizpide ofizialek (hemen ere ofizialtasuna dago-eta) dioten moduan. Baina zer esan beharko genioke “itxen” idazten duenari? Jakinean, gainera, ikastolatik pasatua dela eta, aitzakiarik gabe, nabarmen alfabetatua?
Orain berrogeita hamar urte ezin sumatu ere, ezelango gizarte-sare telematikorik etorriko zenik inoiz. Baina, urteak joan eta urteak etorri, teknologiak erakutsi digu idatzizko euskara batua “aplikazio” unibertsal paregabea dela. Are gehiago, etenik gabeko maldan behera, “itxen” eta antzerakoekin alderatuz gero.
Ondo dago herri-euskara, baina gauza bat da herri-euskara eta, beste bat, ustezko euskara jatorraren izenean, gero eta ganorabakokeria larriagoei amain ematea. Autua --eta hautua-- baldin bada, pedante antza agertu ala erridikulua egin, nik, aukeran, aurrena nahiago, euskararen onuratan, hain zuzen ere.