Amore-plazerretan, milaka dira dolore
Kresala Dantza Taldearen Faustino Aranzabal zuzendariak esana da, Elkanoren mundu biraren 500 urtebetetzeaz burututako saio honen helburua dela “jendeari sentiarazi, zirrara eragin eta hausnartarazi”. Lehen xede biak… tira, baina hirugarrena behintzat ez du ekitaldiak, besterik gabe, betetzen. Sentitzeko eta zirrara sumatzeko ez dago ezer zehatzik jakin beharrik; hausnartzeko, aldiz, kontzientzia behar da, gutxieneko informazioa alegia, Amoria&Dolore emanaldiak eskaintzen ez duen informazioa, hain zuzen.
Bertatik bertarako adibide gisa, bistakoa da dantza-saioaren Amoria&Dolore izenburua Bernard Etxepareren bertso-emariari dagokiola, ez baitu alferrik lehen euskal idazleak edozenbat alditan erabiltzen amore/dolore dikotomia “Linguae Vasconum Primitiae” (Bordele, 1545) delakoan: “Amoretan plazer baten mila dira dolore”.
Zentzu honetan, ezin uka, off-ean (Maika Etxekopar?) entzuten diren bertso erromantikoak liluragarri bezain limurgarri suertatzen direla. Baina, horratik, ezin inondik ere uste izan, Victoria Eugenia aretoan bildutako audientzia XVI. mendeko euskara baxenafarra bat-batean ulertzeko gai izan zitekeenik.
Alegia, Kresala Dantza Taldearen emanaldia hagitz ikusgarria, zoragarria, dotorea, jantzia, fina eta atsegina (agian berdintsuegia, hainbatean) egokitu arren, beldur naiz hori guztia ez ote zen ulermen kontzientearen alorretik kanpo geratzen. Eta pena da, ganorazko esku-programak erraz samar estal lezakeen-eta hutsunea, testuinguru historikoa azalduz eta saioaren hamazazpi sekuentziak zertan diren argituz.
Damurik, badut susmoa aurreko ostiralean Victoria Eugeniaren edukiera bete zuten ikuslerik gehienek, marinelen emakumeen agurra, haur jaioberriekiko kontakizuna, izara-gainean marraztutako mundu bira eta beste pasadizoren bat edo beste baino ez zutela zehatz mehatz ulertu.
Izan ere, ekoizpen-zuzendariak hilabete luzeak izan ohi ditu bere ardurapeko lana zirriborratzeko, egituratzeko, moldatzeko eta, ikusentzuleak ulertzeko eran-edo, burutzeko. Baina, osterantzean, Ikusentzule arruntari minutu urriak baino ez zaizkio eskaini izaten, ziplo datorkiona barneratzeko.
Benito Lertxundik esango lukeenez, forma artistikoak ondo daude, haietan galtzen ez bazara.