Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Amore eman

Amore eman

Amatiño 2012/06/20 10:50
Segurutik Gipuzkoako hondakinen eta zakarren arazoaz ia dena edo gehiena esana dago baina, ene ustez, auzitan dauden sistema guztien azpitik eta eztabaida politiko guztien gainetik, bada energia sektorean gertatu ohi den binarismo petral berbera.

Hainbat girotan oraindik ere mokokaldi sutsuak gurutzatu izaten dira energia berriztagarriak eta fosilak defenditu edo uxatu ohi dituztenen artean. Kontua da, ostera, munduaren energia-etorkizunaz erantzukizunen bat duten guztiak bat datozela batzuon eta besteon beharra aldarrikatzerakoan. Bakoitzak izango du, bai, alderdi on eta txarrak, lehentasun gehiago edo gutxiago, eta etorkizuna izango da izan beharrekoa, baina gaur egun inork ez du zalantzan jartzen –inork ere ez, gero— hurrengo bizpahiru belaunaldietan guztiak behar izango direnik.

Egoki ere zakarrei dagokienez, antzerako samar. Ez dut uste zentzuzko denik atez atekoa eta erraustegia elkarren aurka jarri nahi hori. Ez da erraz ulertzekoa atez atekoa “osasungaitza” eta “iragana” dela esatea, ganorabakoa den bezalaxe erraustegia “kutsakortzat” eta “zaharkitutzat” jotzea. Bakoitzak nahi duena adieraziko du, baina ezin esan behintzat iritzi bata zein bestea arrunt zientifikoak direnik.

Zakarren nahiz zaborren arloan ere, energiari dagozkionetan bezalatsu, arazoa ez da sistema bat edo beste hautatu beharra, denak behar izango ditugula onartzea baino. Bizitza zenbaitek nahi baino konplexuagoa da. Arrazoia ez da, gehien-gehienetan, bat eta bakarra. “Nik arrazoi dut eta zuk ez” diotenak setati hutsak baino ez dira. Eta, behingoz, hainbeste liskar eta ika-mikari amain eman beharrean elkarri amore ematen hasiko bagina?

Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2012/06/20 21:59
Tamalez, gaia polarizatu da eta orokorrean bozkatzen duzun alderdiaren arabera sistema bat edo beste bat izango da norberaren aukera. Sartu gara zulo horretan eta asko hitz egin den arren, nik oraindik ez daukat gaiaren inguruko iritzi garbirik.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: