Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Amnistia arte, 60. Amnistia ostean, 860

Amnistia arte, 60. Amnistia ostean, 860

Amatiño 2013/01/08 22:45
Xabier Arzalluzek, 1977ko amnistiaren aldeko lege-proposamena aurkezterakoan: “No venimos para rascar en el pasado. Venimos de cara al futuro a construir un nuevo país en el que valga la pena vivir y en el que todos podamos vivir”. Ordu arte, amnistia arte, ETAk hirurogeitaka hildako zeramatzan. Orduandik, amnistiatik hona, 860 inguru. Eta oraindik ez du inork azalpenik eman.
Amnistia arte, 60. Amnistia ostean, 860

1977ko egutegia, presoen alde

Burgosko epaiketaren (1970) oroitzapenak direla-eta, Antton Karreraren ustez beharrezkoa omen da gertatutakorik ez ahaztea; beti ere komenigarria omen da belaunaldi gazteei gertaera haien zertzeladak azaltzea eta gogoraraztea. Arrazoi du. Gehienetan bezala, zentzua darie Anttonen adierazpenei.

Zalantzarik ez gero historia ez dela ahaztu behar eta belaunaldi berriei ez zaiela ezer ezkutatu behar. Baina, ez alde batekoa eta ez bestekoa. Eta, hain zuzen ere, esaterako, beldur naiz, Alex Sarduik, Xabier Leteren “Presoaren eskutitza” kantaz baliatzen denean egungo presoen askatasuna aldarrikatzeko, ez ote duen oinarrizko informazioa isilarazten edo, behar bada, Leteren memoriaren bizkar iruzur egiten.

Bai, egia da, Xabier Letek 1977ko aministiarekin batera etxeratu ziren preso politikoak izan zituela gogoan kanta hartan. Baina egia ere bada, demokraziak erakarri zituen amnistia, Gernikako Estatutua, herri-erakundetzea, presoen askatasuna eta bakea pakete berberean defenditu zituela Xabier Letek.

Egia den bezalaxe, 1977ko amnistiak espetxeak hustu zituen arren, ETAk lehengo lepotik jarraitu zuela hurrengo astetik aurrera, ondoko hiru urteetan 235 lagun erahil zituela (ia 7 hildako hilero), eta gaur egun kartzelan dirauten zazpirehundik gorako presoek ez dutela, oraindik, Xabier Letek hautatu zuen bidea zehatz-mehatz hobetsi.

Argi gera bedi gero. Inork ez dio bakeak egin behar ez ditugunik, espetxeak (beste behin) hustu behar ez direnik, eta Xabier Letek gorazarrerik merezi ez duenik. Kontua da, ordea, Xabier Letek apostu garbia egin zuela 1977an, gardentasun apurren bat zor zaiola haren memoriari, eta Burgosko epaiketan (1970) zer gertatu zen ahaztu behar ez dugun bezalaxe, gogoan ere izan beharko genukeela zazpi urte geroago (1977) sekulako aukera izan genuela kartzelak husteko eta bakeak egiteko; eta batzuek 35 urte beranduago hartu dutela Xabier Letek orduan itxaro zuen erabakia.

EAJren parlamentariak izan ziren legezko proposamena aurkeztu zutenak: “una proposición de ley de amnistía general aplicable a todos los delitos de intencionalidad política, sea cual fuere su naturaleza, cometidos con anterioridad al 15 de junio de 1977”. Eta Xabier Arzalluzek azpimarratu zuenez: “No venimos para rascar en el pasado. Venimos de cara al futuro a construir un nuevo país en el que valga la pena vivir y en el que todos podamos vivir”.

Ordu arte, amnistia arte, ETAk hirurogeitaka hildako zeramatzan. Orduandik, amnistiatik hona, 860 inguru. Eta oraindik ez du inork argibiderik eman.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: