Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Amets urdina

Amets urdina

Amatiño 2010/08/10 10:28
“Origen” (Inception) dugu egunotan euskal zine-karteldegiaren izarra, kritikaren zein publikoaren onespena duena eta munduan barrena diru-sarrerarik gehien lortzen ari dena. Panorama honetan ez dut nik esango film ganorabakoa denik baina bai, behintzat, luzeegia eta aspergarri samarra. Gaztetxoentzat zein nerabeentzat aproposa, mutilentzat batez ere.

Funtsean industria-espioi klasikoen historia baino ez da Christopher Nolan zuzendariaren azken film hau baina nolabait gaurkotua edo, hobeto esan, “gerotua”. Alegia, lapur klasikoek paperezko dokumentuak osten zituzten, egungo hackerrek euskarri elektronikoak ebasten dituzte eta gerokoek,  berriz,  giza-burmuinetako memoriak eta ideiak lapurtuko omen. Are gehiago, zaildu beharraren beharrez,  historia honetako espioien helburua ez da inori ideiarik lapurtzea, norberarena inoren memorian “ezartzea” baino. Amets urdina, beraz, euskara zaharrean esanda.

Christopher Nolan ez da hasiberria zientzia-fikzioaren esparruan. Memoriaren galera azaldu zigun “Memento” (2000) filman; lo egin ezina, “Insomnio” (2002) titulupean eta ezagunak dira bere “Batman begins” (2005) eta “El caballero oscuro” (2008) pelikulen arrakasta. Oraingo honetan lehengo lepotik dator. Ondo hartuko dute James Bond gustuko dutenek, adurra zeriela “Matrix” behin eta berriz ikusi zutenek,  “2012” edo “Avatar” filmen arkitektura grafikoaz maitemindu zirenek edota hurrengo efektu superberezia zein izango eta noiz agertuko irrikaz zain daudenek.

Baina, betikoa, kontua da hau guztiau zinea ote den ala beste zerbait. Begoña del Tesok ("Dormir, soñar, morir") esan berri du: Tal vez 'Origen' no exista. Acaso nos la han implantado en la mente esos ladrones de sueños que también los producen. Significaría que habríamos reinventado El Cine.   Begoña adiskidea gure autoritateetakoa da zine-kritikagintzan baina “tal vez-acaso-significaría” horrek amets-ate lartxo ixten digu eta errealitate-leiho dezente irekitzen.

Zenbait kritikak nik sumatu ez dudan aktore-lana azpimarratu du. Nere irudiko, ostera, Cobb lapur profesionalaren (Leonardo DiCaprio) etenbako harridura-aurpegiak zer ikusi gutxi du edozein aktore profesionali eskatu dakiokeen aldaberatasunarekin; Mal emazteak (Marion Cotillard) ez du bizirik, behar bada aldez aurretik hilda dagoelako; Ariadne ikasleak  (Ellen Page) ez du erreakzionatzen ezta unerik larrienetan ere eta Saito enpresari japoniarra (Ken Watanabe) gerrillari bilbotarrarenak (hegazkin bat behar badugu konpainia osoa erosiko dugu) egiten, ezin bareago, ez aida eta ez ixo. Laurak, zein baino zein, lau-lauak, minutuak joan eta minutuak etorri, zer gerta ere, zeharo klonikoak.

Hala ere, trebea gero horrenbeste sekuentzia eta tempus  ezberdinen arteko lotura, kamera-lana landua, audioa azpimarragarria eta editaia sekulakoa baina, azkenean, ilunpean –bere bakardadean-- eserita dagoen ikuslearentzat,   fantasiazko historia luzeegia (azken ordua benetan astuna), sinesgaitza, aspergarria, mutikoentzakoa eta --uste okerrez, mataza gaiztea doako dohaina delakoan— korapilatsua baino gehiago, premiarik gabe lar korapilatua.

Auskalo zinea berrasmatu behar ote dugun. Baina, ildo honetatik berrasmatuz gero, nik nahiago giza-historia sinesgarriak kontatzen dituzten geltokietan geratzea. Ikusle berriek etorri behar baldin badute etorri daitezela, baina ez nere sei-zazpi euroekin kontatu.  

       

                                                              ORIGEN, "Inception" (Hasiera)

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: