Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Amets ez zen lapurteraz aritu

Amets ez zen lapurteraz aritu

Amatiño 2013/12/17 00:05
Euskara batuak prestijioa galdu omen du azken urteotan. Seguru? Ez du gero inork pentsatuko 13.000 jarraitzaile sutsuren aurrean aritu zen Amets txapeldunak lapurteraz ekin zionik goiz eta arratsaldez, ezta?

Amets Arzallusek, EiTBn, txapelaz jabetzen ziharduen igande berean, Anjel Lertxundiren Batuaren zoriz eta zoriaz artikulua (Deia, 2013.12.15) nuen nik mahai gainean. Xabier Euzkitzeri jaramonik egingo badiogu (Batuaren makurrak. Noticias-de-Gipuzkoa, 2013.12.08), euskara batuak prestijioa galdu omen du azken urteotan. Seguru? Ez du gero inork pentsatuko 13.000 jarraitzaile sutsuren aurrean aritu zen Amets txapeldunak lapurteraz ekin zionik bertsogintzari, ezta?

Jakina gero, badena euskara batuaren kontra dagoenik; jakina gero, euskara batua ez dena aproposena norberaren seme-alabekin whatsappatzeko; baina zalantzarik ez –euskarak iraungo badu behintzat— batuak ere iraungo duela, beste alternatibarik ez dagoelako, gehienbat.

Inork imajinatzen al du Josu Erkoreka jaurlaritzaren eleduna bermeotarrez berbetan? Eta Gaur Egun-eko berriemaile bakoitzak bere etxeko euskaraz informatuko balu? Eta zer egin eskola-liburuekin? Eta zein da euskara batuaren gainetik euskalkiak horrenbeste maite omen dituztenen emaitza praktikoa?

Euskara batua, bere urrian, eskasian eta gabezian, egunero hobetu beharreko ikasgaia da, bai, seguru; baina euskara batuaren kontra dagoena, besteak beste, anti-sistema hutsa da. Bera da batere prestijiorik ez duena.

Amets

jaime
jaime dio:
2013/12/17 16:15
Orain dela hogeita hamar bat urte, batua eta batez ere “h”gorrotatuaren denboretan pizten ziren liskarrek tinta errekak isurarazi zituzten euskaldun zahar, euskaldun berri eta oro har euskaltzaleen artean. Hori euskal komunikabide batzuetan.
Kalean, ordea, barregarriak gertatzen ziren -negargarria ez esateagatik- lagunen artean entzuten ziren pellokeriak. Beren bizitza osoan liburu bat ere ireki ez zutenek -erdarazko egunkariko kirol orrialdeak ez baziren- euskararen grafiari buruz, serio demonio, pontifikatzen zuten, Etxepare, Axular, Lauaxeta, Lizardi edo Elissanburu irakurri balituzte bezala. Zelako eztabaidak eta iskanbilak!
Euskaldun zaharrekin, aldiz, askoz mingarriagoak izaten ziren kalapitak. Sarritan, erdeinuz mintzatzen ziren batuaz eta euskaldun berriez, kontuan hartu barik zenbat diru, sakrifizio eta neke pasatu behar zituzten zerotik abiatu zirenek euskaraz hitz egiteko zelan-halango moduan.
Harro-harro hitz egiten zuten amaren altzoan ikasitako euskalkiaz, gozo-gozo eta esfortzurik gabe. Baina, hor geratzen ziren, etxeko euskarari atxikiak: ez irakurri, ez idatzi, ez sakondu. Analfabeto hutsak.
 
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: