Ameriketako Estatu Batuen sasi-boterea
Ilustrazioak erakarri bazituen pribatutasunarekiko begirunea eta posta-mezuen sekretu-eskubidea, posmodernitatearen ajeetakoak dira bizitza pribatuaren arduragabekeria eta jendarteko euskarri digitalen kanpoedertasuna.
Hala ere, nik neuk ez nuke esango Edward Snowden gazteak egindako salaketek ezustean harrapatu dutenik Etxe Zuria. Ez dut esangura salaketok “jakinean” gertatu direna, baina bai arrisku horrek derrigorrez behar zuela aldez aurretik jasoa egon munduko naziorik gotorrenaren segurtasun-estrategietan.
Istripuak, iskanbilak, auziak, gatazkak, txarto esanak… Online Reputation delakoa tarteko, gero eta arruntagoak dira krisialditarako protokoloak indarrean dituzten enpresak eta erakundeak, eta nekez sinestaraziko digu inork, hogeitaka urteko aholkulari batek kakaginean eta paperik gabe atxiki dituenik munduko Nazio Segurtasunerako Agentziarik sendoena eta goi-mailako teknologiarik garatuena.
Izan ere, Snowdenek ustekabean salatu baditu Washingtongo gobernuaren jokamoldeak… gobernu beronek ez bazuen horrelakorik inoiz gerta zitekeenik uste izan… eta, nahita ere, zorioneko gobernu berberak ezin izan badu harako salaketarik ekidin… orduan gaude lasai, Ameriketako Estatu Batuetako gobernua ez da-eta adierazi nahi diguten bezain boteretsua.