Ameliaren aukera galdua
Amelia Earhart, Atlantikoa hegazkinez gurutzatu zuen lehen emakumea, Pazifiko gainean desagertu zen 1937ko uztailaren 2an, munduari bira ematen ari zitzaiola. Feminista amorratu, modernitatearen ikur, Gore Vidal idazlearen aitaren maitale eta Eleanor Roosevelt-en adiskide, emakumeen eskubideen aldarrien sinbolo izan zen 1930eko hamarkadan. Osagarri nahiko, segurutik, film interesgarririk egiteko. Baina ez. Ezta zuzendaria, Mira Nair, emakumea izanik ere. Hurrengoan izan beharko du.
Ez da gero erraz ulertzekoa horrelako oinarriez nola moldatu daitekeen horren film hotza, ez eta zer arraio egiten ote duten bertan Richard Gere eta Ewan McGregor mailako aktoreek ere.
Ulergarriago, jakina, Hilary Swank aktoresaren presentzia. Bai gidoi guztia bere inguruan burutua delako eta baita ere, nabarmen gero, egiazko Amelia Earhart-en ikaragarrizko antza duelako.
Behar bada penagarriena ez da filmaren erdipurdikokeria, oroitarazi eta omendu nahi den emakumearen indarraren eta islatzen den moteltasunaren arteko tarte handiegia baizik. Galtzailea ez da zinegintza, emakumeen aldarria baizik. Zineak nahi beste aukera ditu. Emakumeen historiak ez horrenbeste.