Amatianoren ADNa
Argazki-oinetan Bergarako Errege Seminariotzat adierazi ohi den etxe-multzo handitzarra XVII. mendean zehar eraiki zuten jesuitek. Hasi, 1604an hasi ziren lehen ikastetxea eraikitzen eta, eliza barrokoa jasotzeari ekin ziotenerako, ia 25 urte (1628) pasatu ziren. Amaitu, berriz, 1678an, Andres de Madariaga herriko semearen dirulaguntzaz, Limako Kontu Epaitegiko Kontulari Nagusia eta Kalatrabako Zaldun Ordenakoa zelarik garai hartan. Segurutik bi hamarkada geroago edo hil zen eta, emariaren ordainetan, bertan hilobiratu bide zuten hiru mendetan zehar harlauzapean iraun duen hilarriak dioenez.
Geroztik, Jesusen Lagundiak Espainiako Erresumatik alde egin behar izan zuen 1767an eta, bi urte hutsik egon ostean, 1769an Real Sociedad Bascongada de los Amigos del Pais deritzon elkarteak bertan kokatu zuen, 1777tik aurrera, Real Seminario Patriotiko Vascongado delakoa. Lehen Gerra Karlistan (1833-1839) ospitale moduan erabili ondoren, 1840an berriro ireki zen eta, 1865tik aurrera, geroztik “betidanik” ezagutu izan dugun aurrekalde neoklasikoa egin zitzaion. 1873an, berriz, Bigarren Gerra Karlistarekin batera, bertako zuzendari eta irakasleek alde egin zuten Donostiara eta Dominikuak arduratu ziren ikastetxeaz, 1975 arte.
Andres de Madariaga Martinez de Amatiano
Jatorrizko eraikuntzaren adierazpenik barrokoena Andres de Madariaga zenaren harmarria da. Hilobia 2006ko arkeologi-zundaketetan topatu zen gurutzadurako kupularen azpian eta, aurten arte, ez da osorik bistaratu. Baina zelan ziurtatu, ordea, barruan dagoen gorpua hilarriko izenari dagokiona dena? Bai, teoriaz erraza, ondorengo bati ADNa egin eta alderatu. Horretarako, ordea, lehen gaia behar da, oinordekoa hain zuzen ere.
Patua patu, gaur goizean Bergarara joan behar izan dut lanera eta, 11:25an, Seminarioko arkupeetatik pasatu. Baita eliza-atarian txartela ikusi ere: Indusketa. Bisita gidatuak, 11:30etan eta 4:30etan. Eta, ezin ba aukera-maukerari amain eman gabe jarraitu.
Hamar minutu aski izan dira jakiteko, eta argitzeko, Andres de Madariagaren ama Ana Martinez de Amatiano izan arren, eta Aurora Mendizabal gure ama ere Amatiñonekoa izan, mendizabaldarrak ez zirela Amatiano leinukoak izan, ez behintzat 1848an Francisco Mendizabal (nere aitxitxaren aitxitxa) Bergarako bertako Mendizabal jauretxea utzi eta Amatiano baserrira joan arte. Lastima gero.
Harlauzapeko hilarria
Oharra
Elizara sartu naizenean indusketa- zein udal-arduradunak prentsaurrekoa eskaintzen ari ziren hiruzpalau kazetariren aurrean. Dena, hasi eta buka, euskara hutsean. Garai batean prentsaurrekoak bestelakoak ziren.