Amama
Leporatzekotan, “Amama” filmari leporatuko nizkioke akats bat eta eskasia bat. Akats gisa, bi helbururi aldi berean erantzun nahi izatea: batetik, baserri giroko azken belaunaldion arteko etenari eta, bestetik, nolabaiteko errealismo magikoari. Eskasiaz, berriz, zuhaitz gorria (pasioa, errebeldia...) ordezkatzen duen semeari horren joko gutxi eskaintzea.
Segurutik, ez bata (akatsa) eta ez bestea (eskasia) ez dira euli-kakak ziria sartu nahi izateko zorian baina, zer gerta ere, filma atsegina da oro, zirraragarria inoiz, interpretazio onekoa gehien-gehienetan, primerako fotografía beti eta, euskaraz den aldetik, nabarmen asko landua, hasi eta buka.
Edozein modutan, besterik iruditu arren, gai unibertsala. Amama, baserria, tradizioa, ohitura zaharrak, belaunaldi-haustura eta zuhaitzen erreferentzia biltzen zituen “La balada de Narayama” film japoniarrak (Shohei Imamura) Urrezko Palma irabazi zuen Cannesen (1983), eta inork ez zion behintzat unibertsaltasunik eza egotzi.
Maila-kontuez, berriz, “Amama” pelikulaz gainera, “21 nuits avec Pattie” eta “Eva no duerme” baino ez ditut nik orain arte ikusi baina, Urrezko Maskorra hiruon artean erabakitzekotan, Asier Altuna eta Telmo Esnal bikotearenak irabaziko luke, hamarretik hamarretan.
Amamak (Amparo Badiola) ez du ahorik irekitzen pelikula guztian zehar. Gaur goizeko prentsaurrekoan jakin dugu, ordea, ez dela mutua