Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ama Extremadura

Ama Extremadura

Amatiño 2010/11/25 23:30
Espainiako Konstituzioa onartu zutenean, 1978an, extremadurarren artean inor gutxik izan zuen gogoan noizbait etorri zitekeen autonomiarik. Zer zenik ere. Eta, zerbait izatekotan, euskaldunen eta katalanen amets gaiztoren bat edo. Gaur egun, ostera, ikaragarri zail da aurkitzea Extremadura osoan autonomiaren aurka hitzegingo duenik. Atzo bertan, Cáceresen, alboan izan nuen senatari-ohi sozialistak zioenez: “Autonomia da Extremadurak azken ehun urteotan izan duen gauzarik onena.”

Segurutik, Euskal Herria eta Katalunia izan ez balira, egun indarrean dagoen espainiar autonomia-estatua ez litzateke 1978an sortu izango. Baina, geroztik, erabaki hura onerako baino ez da gertatu espainiarrik gehienentzat eta orain nekez legoke lehengora itzultzerik. Eta ez euskaldunek eta katalanek ez luketelako onartuko, madrildarrek edo izan ezik beste inork ez lukeelako nahi izango baino.

Bizkaiko zein Gipuzkoko "probintzia traidoreetan”  sarri uste izan dugu frankismoak ez zuela gurekin ondo jokatu baina, ekonomiaz behintzat, beste hainbat herrialdetan gurean baino dezente gehiago jasan behar izan zuten diktaduraren ardurarik eza, Extremaduran esaterako. Franco hil zenean, Extremadurako azpiegiturarik gehiena  XIX. mendekoa zen artean, eta, eskolan, Las Hurdes eskualdea irakatsi ziguten Espainia atzeratu, txiro, behartsu eta ez garatuaren sinbolotzat.

Gaur egun, ostera, Extremadurak –biztanlez Espainiaren %2,4 izan arren eta lurraldez, %8— energia berriztagarrien %35 kontsumitzen du. Horrez gainera, osasun-zerbitzu publiko eredugarria du, aintzindaria da teknologia berrietan, nekazaritza-industria garatuaren jabe da eta orain 25 urte inork amestu ez zezakeen errepide-sarea du.  

Betiko demagogoek besterik esan arren, inork jakitzekotan extremadurarrek dakite autonomia-sistema Estatu zentralizatua baino askoz ere solidariagoa dela. Izan ere, ahaztu egin zaigun arren, Francoren diktadura –oinarrizko askatasun-eskubideak ukatzeaz gainera— mendetan izan den erregimenik insolidarioena izan zen.

Egun ez dago emigraziorik Extremaduran. Jon Maia bertsolariaren edo Begoña Gil Lehendakariaren emaztearen gurasoek ez lukete gaur etxetik alde egin beharrik izango.

“Ama Extremadura aita Zamoratik
abuela ta abuelo haiek aurretik.
Herri hontan sustraitzen asmatzeagatik,
nik’e maita dezaket guztien gainetik.
Euskeraz badakit
bertsoz darabilkit
dena zuengatik
halaxe dagokit
denek kantatu dute nere ahotik”.

Méridako antzoki erromatarra

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: