Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Alzheimerrari aurre egiteko gizarte-erronka

Alzheimerrari aurre egiteko gizarte-erronka

Amatiño 2015/06/05 23:25
“Ezin gara eskulotu geratu, amerikarrek edo japoniarrek noiz asmatuko, Alzheimerra osatzeko farmakoa. Gaixotasun honi aurre egin behar diogu, bidea mozten edo, gutxienez, trabak jartzen. Ez da egia ezer egiterik ez dagoenik. Bada diagnostikoa lehenago egiterik, bada zenbait neurri aldez aurretik hartzerik.” Pablo Martinez-Lage neurologoak esana, Debako eliza herritarrez beteta zegoela.

Parrokia herriko plaza bihurtu zen atzo iluntzean, Deban, STOP Alzheimer 2020 izeneko erronka partekatua jendaurrean aurkezteko. Egun, Alzheimerrak jotako 60.000 lagun daude Euskal Autonomia Erkidegoan eta ondoko urteetan kopuru hori gehitu baino ez da egingo, batez besteko adina ere gehitu egingo den neurrian.

Bi dira, besteak beste, erronka horri aurre egiteko indarrean jarri nahi diren jardunbideak. Batetik, Deban bizi diren hirurogei urtetik gorako mila lagunen artean, ikerketa bateratua egin, inoiz ez bezalako gizarte-lagina lortu ahal izateko. Bestetik, belaunaldi gazteen artean kontzientzia-hartzea eragin eta boluntario-lana areagotu, ez baitu alferrik gaixo bakoitzak hiruzpalau pertsona bere inguruan behar.

Hurrengo irailaren 21ean, Nazioarteko Alzheimer Egunez, sekulako erronka honi ekingo zaio eta, handik aurrera, Debako herri osoa Alzheimerraren kontrako laboratorioa izango da eta beste zenbait herritan zabaldu beharreko egitasmoen froga-lekutzat hartuko.

Alzheimer

Ezkerretik eskuinera, Koldo Aulestia, Gipuzkoako zein Espainiako Afagi-ren lehendakaria; Joseba Alkiza, Santo Tomas Lizeoko Ikasketa-burua; Carla Iraola, boluntarioa; Jokin Aperribai, Real Sociedad Fundazioaren lehendakaria eta Pablo Martínez-Lage, CITA-Alzheimer Fundazioko neurologoa, Debako Andra Mari Elizaren aldare nagusian jarritako mahaian.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: