Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Alzheimerren beldurretan

Alzheimerren beldurretan

Amatiño 2009/09/21 22:35
Aitortu behar dut Alzheimerri heriotzari baino beldur gehiago diodala. Eta ez da azken bolada honetako beldurra, dezente aspaldikoa baino. Hogeita hamar urte inguru bai, etxean genuen Antzuolako amama Alzheimerrez hil zitzaigula eta gure ama zena, berriz, 1998an hil zen gaixotasun berberak jota. Esperientzia latzak eta gomuta txarrak, gogaikarriak. Oinordetza horren mamuak betidanik izan nau kikilduta.

Gogoan dut 1984 inguruan Bidaurrazaga mediku naturista elkarrizketatu nuela ETBn eta, bastidore artean, nere Alzheimer arriskuaz galdetu nion, garai hartan berrogei urte ere ez nituela. Hiruzpalau itaun egin ostean, inondik ere ez nuela aztarrenik erantzun zidan. Eta ez gero batere kezkatzeko. Baina kezkak, are gutxiago obsesioak, ez dira nork bere patrikan edozein momentutan sartu edo atera ditzakeen txanponak.

Hala ere, aitortu ere aitortu behar dut, azken urteotan larritu beharrean baretu egin zaizkidala harako kezkak haiek.  Ez naiz harropuzkerietan jardungo baina, sarri asko, sumatzen dut sumatu burua hankak baino arinago ote ditudan. Alegia, martxa honetan lehenago geldotuko naizela gerritik behera, samatik gora baino.

Dena den, hona gure ama hil zeneko zortzi ahapaldietarik atzena, nere barne-izuen adierazgarri:

Amesgaiztoa delarik, hainbat momentutan doain
nere kezka handia zein den, kontatuko dizut orain
berdin jazoko ote zaidan, beldurrikaraz nago zain
halere ez nuke gura, izuari eman amain.
Medikuak esan arren, nere osasunaren gain
memoriaz nagoela, ez lar arduratzeko lain
badaezpada nahi nuke, izan zure seme bikain
nik ere ondorengoak, izan ditzadan erizain.

Aurora

Alzheimerrak jotako amari (1998)

Habanera

Bertsotan ekina nauzu, ene bihotzeko ama
nostalgiaz ni noatzu, oraingo honetan zugana,
aspalditxoan duzunez, erabat burua joana
nor zaren zeuk jakiteko, sekulako alper-lana.
Ezer gutxi ulertu-ta, larregi zaizu esana
Alzheimerrak jota duzu, buru-muinetako zana
gurpil zoroan zu zabiz, guztiz galduta laztana
auskalo non geratu den, sasoi batean zinana.

Soseguz ahaztua duzu, txikitandik ikasia
orain haurra dirudizu, errepikatzen hasia
aurrerantzean tamalez, ez da ernaltzen hazia
saiatuagatik ere, burua da nahasia.
Amatatzen ari zaizu, ideien mundu bizia,
luzaro lore izanda, orain ostera sasia
nora ezera begira, zaude jarriarazia
honako egoerarik, ez duzu zeuk merezia.

Umetan izan zintugun, benetako lagunmina
zeuk eragin zenizkigun, kezka eta jakinmina
irakurzaletasuna, eta literatur-grina
euskaldun jokamoldeak, kemen eta ahalegina.
Orain aldiz sortzen duzu, guregan negar-zotina
hainbat atsekabe eta, senitarteko samina
zertxobait egin gurarik, nagusi jakin ezina
dena emango genuke, berriz lehengoa bazina.

Aitak dihardu artean, urtez urte aguretzen
beti itxaropenetan, gauzak konpondu daitezen
komenigarri ez dena, ez ikusi da errezen
baina nahiz besterik uste, gaixoa ez da hobetzen.
Hasieran erdi txantxan, askorik kezkatu ez zen,
ondoren noizbait hasi zen, hondamendiaz jabetzen,
egun batean ahazten, bestean aldiz umetzen,
dei egin zigun azkenik, elkar aritu geintezen.

Gurpil-aulkiz daramazu, edozenbat urte triste
zer gerta ere geldirik, jaieguna eta aste
zeure burua zaintzeko, ez zara batere aske
beti inoren mendean, etxekoen buruhauste.
Gogotan zer ote duzun, ezin gero inork uste
zure ideia xumeak, asmatu gura nituzke
zentzu gabe dena da-ta, funtsean nahaste-borraste
Alzheimerra larria da, ia heriotza beste.

Ez da inondik samurra, Alzheimerra zer den esan
ez dakienak ez daki, gaitz honi zelan antzeman,
egunez ezin lasaitu, gauez ezin berriz etzan
nork asmatuko ote luke, ematen duzun beste lan.
Jateko laguntza behar, adurra jarioz edan
bakardaderik ez duzu, nahiz-ta komunean izan
hobeto zeure buruak, gomutan ere ez bailezan
horixe nahiko genuke, zuk sufritu ez zenezan.

Egunak eta orduak, erabat isil-isila
itxita zaizu betiko, hitz-sortaren maratila
inguruan bada ere, sarri bisitari pila
zeharo galdua duzu, galderantzunen gurpila.
Burubelarri gaituzu, zure mezuaren bila
ezin gero eskuratu, elkarrenganako zila
ilunean jarduteko, behar den argimutila
heriotza heldu arte, ni nerau izan nadila

Amesgaiztoa delarik, hainbat momentutan doain
nere kezka handia zein den, kontatuko dizut orain
berdin jazoko ote zaidan, beldurrikaraz nago zain
halere ez nuke gura, izuari eman amain.
Medikuak esan arren, nere osasunaren gain
memoriaz nagoela, ez lar arduratzeko lain
badaezpada nahi nuke, izan zure seme bikain
nik ere ondorengoak, izan ditzadan erizain.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: