Altunak historia egin nahi du
Bada hiru harginen ipuin zahar bat, mendebaldeko zibilizazioaren kultura guztietan, era batez edo bestez, berdintsu samar errepikatzen dena. Antza, Erdi Aroan edo, ba omen zeuden hiru hargin etxegintzan, eta ingurutik igarotako erromesak galdetu omen zion, jakin-minez, aurrenari: “Zertan diharduzu?” Eta honek erantzun: “Ez al duzu ikusten? Adreiluak bata bestearen gainean jartzen!”
Haruntzago joan eta, galdera berdina egin zion hurrengoari. “Zertan diharduzu?” itaundu eta, bigarrenak erantzun: “Horma jasotzen dihardut”.
Aurreraxeago zegoenarengana hurreratu eta, berriro ere, galdera berdina: “Zertan diharduzu?” Eta hirugarren honek ihardetsi: “Katedrala eraikitzen dihardut!”.
Jakaren aurka buruz buruko finala jokatu aurretik, kazetariek irabaziko ote zuen galdetu zioten Altunari, eta amezketarrak erantzun, hitzez hitz: “Nik historia egin nahi dut”. Ildo beretik, atzo bertan, lau t´erdiko finala irabazi ostean, "inoiz baino txapeldunagoa" sentitzen zela aitortzeaz gainera, pilotari bati inoiz entzundakoa esan zuen Altunak telebista aurrean: “Nik karrera egin nahi dut”. Altunak ez du pilotari hutsa izan nahi. Ez du nahi irabazle soil izan. Txapeldun izan baino zerbait gehiago du amets. Altunak karrera egin nahi du, historia egin nahi du.
Orain dela lau astebete Jakaren kontra buruz buruko finala galdu ostean, sekulako zartada hartutako Altuna ikusi genuen negar-zotinka, makur-makur eginda. Hogeitaka egun aski izan dira buelta emateko, burua jasotzeko eta, irabazteko ez ezik, baita historia egiten jarraitzeko ere.
Altuna pilotariak 24 urte baino ez ditu. Altuna amezketarrak, dezente gehiago, nonbait. Eta historia egin nahi duen Altunak, berriz, auskalo zenbat!