Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Alquezar, kanpolarrosa

Alquezar, kanpolarrosa

Amatiño 2018/10/16 09:00
Alquezar (Al-Qasr) gaztelua IX. mendean eraiki zuen Jalaf ibn Rashid Barbastroko buruzagiak, Pirinioetatik maldan behera zihoazkion kristau-indarrei aurre egiteko. Nire belaunaldiak 1966an jakin zuen haren berri, Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquert zinegileen “Alquezar, retablo de pasión” dokumentalari esker. Gaur egun, turismoari begira dirauen herri kanpolarrosa da Alquezar.

Bada dioenik zeharo hilzorian zegoen Alquezar herria, frantsesek berpiztu zutela "barrankismoa" egite aldera bertaratu zirenean. Gazteria frantximantari meriturik ukatzeke,  egia da, ordea, 1982an monumentu historikotzat jo ostean, hamarren bat miloi inbertitu zutela elkarrekin Aragoiko Gobernuak (%54), Huescako Diputazioak (%38) eta Alquezarko udalak (%8), kaleak harlantzeko, eraikin publikoak eraberritzeko eta etxebizitza guztien teilatuak eta aurrekaldeak txukuntzeko.

Egun, Alquezar herri polit eta arraro samarra da. Politasunak ez du azalpenik behar: joan, paseatu eta ardura handirik gabe ikusi besterik ez dago. Arraroa, berriz, bisitariei begira edertutako herri hutsa denez gero. Alegia, janari-dendarik, harategirik, botikarik, aurrezki-kutxarik edo prentsa-kioskorik gabeko herria. Dena da taberna, jatetxe, ostatu eta gozotegi. Baita, ezin bestela,  kainoi- agentziak ere, jakina. Hala ere, esan dezagun, alkatearen faboretan, "souvenir" denda battoa baino ez dugula aurkitu. Alquezar, zorionez, ez da Carcasona.

Polita da gero, Alquezar. Eta merezi du Vero erreka-sakaneko haitzartetan zehar pare bat orduko joan-etorria egitea edo neoprenoa jantzi eta arroiletan barrena aritzea. Bertakook non arraio bizi diren ezin jakin, ordea.

Guztira hirurehun lagun omen dira bizi-alkeztarrak. Neguan bakar-bakarrik geratuko direnak, udaberriarekin batera turistak berriro loratu arte.

Alquezar1

Alquezar.  Muino-ostean, ezkerretik eskuinera (iparretik hegora), Vero errekaren sakana

Alquezar4

Pasagune luzea, Vero errekaren arroiletan zehar.

Alquezar3

Pasabidea, Vero arroileko horman zehar esekita

Alquezar2

Mendi-taldea, erreka-zuloan

Alquezar5

Ez da Zarautz, Alquezar da

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: