Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Algorritik Algorrira: C’est magnifique!

Algorritik Algorrira: C’est magnifique!

Amatiño 2008/08/18 19:43
Geroko gerotan uzteke, gaur goizean bertan egin dut Zumaiatik Sakonetarantzako ibilaldia itsasbazterrean barrena. Algorri hondartzan bertan flyscha hartu eta itsaslabarpean, harririk harri, haitzez haitz, Elorriaga pareraino. Itsasbehera 11:30etan zen eta eguraldia, berriz, aparta. Algorri gainetik Lekeitiorainoko ikuspegia mundiala gero.

Orain hurrengo Euskal Herriko ingururik ederrenetakoa zein ote edo, nolabaiteko lehiaketa eratu berri da Euskal Telebistan. Ez dut nik irabazlearen meriturik ukatuko baina, zer gerta ere, ez dut benetan uste Pikote baserriko behiek egunero ikusten dutena baino ederragoa izan zitekeenik. Ez behintzat bakanagoa.

Deban edo Zumaian autoa non utzi ez dagoen artean, Algorritik Elorriagara bitartean dozena erdi bat lagun besterik ez dut ikusi, ordubeteko ibialdian zehar. Hala ere, olagarroek nahi baino gehiago segurutik. Bat bera ere ikusi ez dudan arren, izkirak, karramarro iledunak, eskarrak (?), eta denetariko marraskiloak ugari. Itsasflora ere, mardul asko. Botak ezik goitik behera biluztu ostean algatan bainatu naiz, metro t´erdiko harri-geruza bertikalen artean. Irigoienen kamara falta, nonbait, aittitta potro-jorran harrapatzeko.

Normalean errekak itsasoaren beraren mailan itsasoratu ohi diren arren, inguru honetan badira bizpahiru salbuespen nabarmen. Olatuek hainbat mila urte lehenago jan dute itsaslabarra, menditik behera datozen errekatxoek ubidea sakondu baino eta, ondorioz, ur-jauzi txikiak sortzen dira han-hemenka hondartza gainean.

Buelta, berriz, maldan gora Elorriagatik zehar. Aldapa dezentea, baina merezi du. Itsaslabarraren gainetik azaltzen den panoramak ez du preziorik. Edozein modutan, hau guztiau ezagun samarragoa da, bertatik bertara pasatzen baita itsasaldeko Santiago bidea. Sei erromesekin egin dut topo. Katalanak bi, oinez, agur. Beste bi bizikleta gainean, bata Portugaleko ikurrin eta guzti, muito obrigado. Bosgarrena frantsesa, c’est magnifique! Eta seigarrena, berriz, azpeitiarra, zu telebistakoa, ezta?

Algorritik Algorrira --Ardantza baserritik Ardantza baserrira hobeto esan--, patxadaz, bainu eta guzti, hiru ordu.

  Sakoneta

 Etenbako flyscha

 Algorri

asier
asier dio:
2008/08/26 14:03

Leku zoragarrixa da, bai. Pere bat aldiz egin dogu bide hori, baina goittik (Deba-Itziar-Sakoneta-Elorrixa-Zumaixa) eta mezu hau irakorritta, aurten be barrido eitteko gogua piztu jata. Oinguan beheko aldetik. Iraileko maria bizixetan ederto egin ahal izango da. Eta zer dira "eskarrak"? Zumaixan "hamarrak" (karramarruak) eta "ostarrenak" (itsasoko kirikixuak) ezagutzen dittut, baina "eskarrik" ez.

Amatiño
Amatiño dio:
2008/08/26 20:24

Ba horixe, karramarro illetsuak, Bizkaixan behintzat. Zenbait lekutan, Bilbon bertan esate baterako, erderaz be "voy a por eskarras" esaten juek.

Elena
Elena dio:
2008/08/27 20:30

Ramiro Pinillaren "Verdes valles, colinas rojas" trilogia horretan, sarri aipatzen ditu eskarrak, Getxon bizi diren pertsonaiak sarri joaten dira "a por eskarras!.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: