Alemania serioa omen
Adibidez, Alemaniako lander guztiak Euskadi baino industrialagoak dira. Bada gurean industriari muzin egiten dionik, euskal industriaren dentsitatea gehiegizkoa delakoan-edo; baina, oro har, Alemania guztian zehar dago Euskadin baino askoz ere industria gehiago. Guk sektore gainditutzat jo arren, industria da Alemaniaren oinarri eta etorkizun.
Euskadin, hamar enpresatik bederatzik bost langile baino ez ditu. Alemanian, ostera, hamar. Hau da, eredu alemaniarra jarraitzekotan, gure enpresen neurria bikoiztu egin beharko genuke.
Alemanian, hemen ez bezala, enpresak eta sindikatuak elkarrekin lanegiteko gauza dira. Alemaniako sistema kapitalistan, posible dira irabazien banaketa, lan-malgutasuna, soldaten murrizketa, gardentasuna eta, oro har, enpresak lehiakorrak izan daitezen beharrrezko baldintzak.
Alemanian, Ikerkuntza gehi Garapenean egiten den inbertsioa Barne Produktu Gordinaren ehuneko 2,9 da. Euskadin, 1,8 besterik ez, Eslovenian baino gutxiago.
Alemanian badakite industriari erantzuteko Lanbide Heziketa behar dela indartu. Euskadiko industrietan, berriz, tekniko falta latza dute eta, kale gorrian dago, etorkizun handirik gabeko unibertsitario asko. Hain zuzen ere, Lituanian, Txipren, Grezian eta Espainian izan ezik, gainerako estatu europar guztietan Euskadin baino handiagoa da Lanbide Heziketa aukeratzen duten ikasleen portzentaia.
Alemanian gazteek nahi dute tekniko izan eta Euskadin, aldiz, funtzionario. Inork enpresari izan nahi ez duen herri honetan, 90.000 lagunek Osakidetzan sartu nahi lukete bizi guztirako.
Inoiz jabetuko al gara Osakidetzak iraun dezan, funtzionarioen soldatak ordaintzeko, industriari eutsi behar izango diogula derrigorrez? Industriarik gabe, alferrik Administrazio Publikoan plaza lortzea. Ez du iraungo. Porrot egingo du.
Eta Alemaniara joan beharko dugu lan-bila. Alemaniako industriara, jakina.
EUSKADI IRRATIA -Albiste faktoria