Alderdi Popularra falta
Hainbati entzunez gero badirudi pozgarri dela Alderdi Popularrak hemen ordezkaririk ez lortzea, eta ulergarri ere izan zitekeen gainerako alderdiek popularren galera pozik hartzea, elkarren lehiakide dira-eta. Baina hala ere, ni ausartzen naiz esaten, Alderdi Popularraren ordezkaritzarik eza albiste txarra dela. Ez naiz ideologiaz ari, euskal gizarteari komeni zaion joko politiko praktikoaz baino.
Teoriaz, Euskadiren helburu hurbila independentzia balitz, segurutik samurragoa litzateke Estatu mailako alderdiek batere euskal ordezkaritzarik ez izatea Kongresuan. Baina, praktikan, epe labur eta ertainera hemengo joko-eremua osatuko dutenez indarrean dagoen Autonomiak eta burutu nahi den estatus berriak, horretarako Espainiako bi alderdi nagusien ahotsa komeni da.
Sozialisten konpromisoaz gainera, ezin da ahaztu popularren lankidetza Kontzertu Ekonomikoa finkatzeko orduan. Eta ahaztu ere ezin ahaztu, oraintsu gertatua. Hau da: Espainiako popularren baitan euskal autonomiaren berezitasunak auzitan jarri eta, barrutik, Euskadikoek berehalakoan egindako defentsa sutsua.
Gogoan izan, Ciudadanos alderdi indartsu samarra zelarik, eta Euskadin batere ordezkaritzarik ez eduki, zein erraz, axolagabe eta ardurarik ezaz hitzegiten zuen Albert Riverak euskal ahalmenez. Ez zukeen hain arin hitzegingo, espainiar jendea kontra jartzen, bere inguruan euskal ordezkaritzarik ezagutu izan balu.
Nago, euskal erronkari komeni zaiola Espainiako Kongresuko alderdi nagusiek euren sokako euskal ordezkari politikoak edukitzea. Guztiak edo gehienak euren kolorekoak izatea kalterako izan zitekeen bezalaxe, batere ordezkaritzarik ez edukitzea ez da onerako.
Non ote dagoen oreka? Auskalo, baina hori beste kontu bat da.
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria
Pozik egongo haiz. Azkenean PPek diputatua lortu dik bizkaian PNVen kolkora!