Aldatzeko gertu
BBC digitalak lehen orrialdean jaso zuen albistea bosgarren azaldu zen, bart, TVEren telediarioan. Eta inondik ere abertzale ez den “La Vanguardia egunkariaren José Artich zuzendariak gaurkoan idatzi duenez: “La multitudinaria manifestación de ayer <…>, la más importante de la historia de Catalunya <…>, abre una nueva época y zanja de manera abrupta el periodo de la transición a la democracia y a la autonomía iniciado en 1977”.
Segurutik atzo Bartzelonan kaleratu ziren guztiak ez dira independentziazale amorratuak izango, baino denok gutxitzat jotzen dute egun Kataluniak duen burujabetza-maila, eta gehienek uste dute behar-beharrezkoa dela oraingo malda behera orekatu lezakeen hitzarmen fiskala.
Kontua da, ordea, irtenbidea ez dela batere erraza. Batetik, egoerak nekez iraun dezake orain arteko ildotik, gizartea barrabiletaraino baitago, atzo ikusi zenez. Bestetik, Estatuak are nekezago onar liezaioke Kataluniari Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan indarrean dagoen Kontzertu Ekonomikoaren parekorik, Espainiaren hondamendia izango litzateke-eta.
Zer esan, berriz, zenbaitek horren samur sumatzen duen banakuntzaz? Auskalo baina, zer gerta ere, gauza bat da milioi t’erdi lagun botere eta ahalmen gehiagoren eske kalera irtetzea, eta, beste bat, 5,5 milioi boto-emaileren artean independentzia nagusitzea.
Martin Aranburuk --Fundazió Catalanista i Demòcrata— atzo bertan Euskadi Irratian esan bezala, Kataluniako gizartea hiru herenetan dago banatua: Kataluniar abertzaleak, Espainia zaleak eta edozein unetan alde batera zein bestera iritzia aldatzeko gertu daudenak. Aldatzeko gertu, alegia.