Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aldarrikapen gutxiago eta erabilpen gehiago

Aldarrikapen gutxiago eta erabilpen gehiago

Amatiño 2017/12/12 09:00
Xabierko Frantziskoren egunean hasi, eta Durangoko Azokarekin batera amaitu arte, euskararen inguruko aldarri-egunak izan dira aurreko astekoak. Han-hemenka entzundakoaz, burulerroren bat azpimarratzekotan, Kike Amonarrizek esandakoa nabarmenduko nuke: “Utzi aldarriari eta ekin erabilpenari".

Umore-kontuetan iaioa da gure Amonarriz, baina oraingoan lelo benetan serioa, bota diguna: “Aldarrikapen gutxiago eta erabilpen gehiago”•.

Euskaldunok mundialak gara, gero. Hiru adibide baino ez:

 Bat: ez da munduan ETB1 bezalako telebista-katerik, horren ikusentzule gutxirentzat honen programazio osotua egiten duenik.

 Bi: ez da munduan beste hizkuntzarik, gurean besteko liburu argitaratzen duenik, gurean besteko irakurle urrirentzat.

 Eta hiru: ez da munduan estaturik gabeko beste herririk, Hego Euskal Herriaren besteko autonomiarik duenik eta, aldi berean, beti, kanpoan ez dagoen eredu hobearen inbidiaz bizi denik.

Segurutik, euskararen egoera ez da txapliguak botatzeko lain, baina aldarrikapenen aitzakiei utzi eta gure esku dauden aukerak gehiago erabiltzeko garaia da.

Segurutik, seme-alabei euskaraz hitzegiten dieten guraso euskaldunek euren esku dute, senar-emazteen artean ere euskaraz hitzegitea.

Segurutik gu-guztion esku dago, urtean zehar euskarazko liburu gehiago erostea eta irakurtzea. Geure esku dago, astean zehar kontsumitzea, normalean kontsumitzen dugun baino euskal egunkari, aldizkari, irratsaio, telebista-programa edo internet-ordu gehiago. Gure esku dago ikustea, urtean zehar ikusten dugun baino euskal pelikula eta antzerki gehiago.

Gure esku dago euskararen aukera, lagun artean, administrazioarekiko harremanetan, kutxazain automatikoan dirua ateratzerakoan, sarrerak hartzerakoan edo edozein museotako bisita gidatuaren tramankulua belarritan jartzeko orduan. Gaur egun, Madrilgo autobus turistikoaren aurikularrek ere euskarazko aukera eskaintzen dute. Zenbat euskal turistak egingo ote du euskararen hautua Madrilen?

Nik neuk esango nuke, gure esku dauden hamar euskal aukeretatik bederatzi baino ez ditugula euskaldunok erabiltzen. Baina, hori bai, gure esku ez daudenak lortzearren mortalak eta bi ahalegintzen garela: etenik gabeko aldarrian, ezinean, esne txarra eragiten, frustrazioz frustrazio, sekulako estresean, epe luzeko erronkei erantzuteko behar izango ditugun indarrak bidean alferrik galtzen.

Eta, behingoz, gure esku daudentxo guztiak egiten hasiko bagina… entrenatze aldera baino ez bada ere?

EUSKADI IRRATIA. Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: