Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aldaketei aurre egiteko aldatzeko gertu behar

Aldaketei aurre egiteko aldatzeko gertu behar

Amatiño 2009/11/26 22:18
Dena aldakor, aldagai eta aldagarri den honetan ez da gero batere harrigarria soziologoak aldaketa soziologikoen berri ematea. Ez ohikoa, ordea, soziologoak soziologia bera eztabaidatzea, gizartea gainditu eta gizabanakoaren lehentasuna aldarrikatzea. Hauxe da, lerro bitan, Alain Touraine soziologo ospetsuak egiten duena “La mirada social” deitu azken saiakeran. Aro sozialetik aro moralerako pasabidea. Politika historiaurrea omen; ekonomia, iragana; betor kultura.

Alain Tourainek adibide ulergarri gisa dioenez: “aldaketa irudikatze aldera esan genezakeen joana dela Rousseauk eta Iraultza frantsesak ordezkatzen zuten mundua, baita Marxen eta industria-gizartearena ere, eta aurrez aurre dugula honez gero Freud-en mundua, masa-kultura, komunikazio eta ezagutza-gizartea”.

Eskubide politikoen ondotik etorri omen ziren eskubide ekonomikoak eta orain, berriz, eskubide kulturalak datoz; hau da, edonork bere hizkuntza, erlijioa, elikadura, sexu-harremanak eta familia-moldea indarrean jartzeko duen eskubidea. Beti ere bestelako eremu zabalagoetan ere esku hartzeko gertu dagoen bitartean. Gehiengoak behar omen du gutxiengoaren eskubideak gogoan izan, baina baita gutxiengoak gehiengoarenak ere.

                                       

                                                                           Alain Touraine

Alain Tourainek zorrotz kritikatzen ditu intelektual ofizialak, frantsesak batez ere ("erabakiak hartzen diren lekuetan eroso kokatu diren sasi-intelektualak"), auzitan jartzen du berak Discurso Interpretativo Dominante-tzat jotzen duen jokamoldea.  Akabo hastapen sakonak, moral naturala, jainkoaren erreferentzia eta tradizioen aitzakia,  pertsona pertsona denez gero berari dagokio-eta azken hitza, bera baita bere eskubideen jaun eta jabe. Ez gero gizartea. Eta, hasteko, eskola ez omen da haurra gizarteratzeko,  pertsona hezitzeko baino.

Touraineren ustez orain arteko orekarik ezak berregituratzeko ordua da: soinaren eta adimenaren arteko oreka, arrazoiaren eta sentimenduaren artekoa, publikoaren eta pribatuaren artekoa, gizakumearen eta emakumearen artekoa.  Pentsamendu-aldaketa hau orain dela mende erdi hasi omen zen, nahiz eta oraindik hainbat konturatu edo konturatu nahi ez.

Tourainek ez du ulertzen nola arraio dena ikaragarrizko abiadan aldatzen ari den garai honetan, globalizazioa hitzetik hortzera aipatu, informazio-teknologia berriez inguratu eta finantza-harremanek mugarik ez duten honetan, hainbat jendek –intelektualak tarteko— hitzegiten jarraitzen duen aldaketarik etorri behar izango ez balu bezala.

Hain zuzen, hauxe da Alain Touraineren liburuaren helburua: aldaketak aztertu baino gehiago, aldaketei aurre egiteko iritzi-aldaketa suspertu.

Eta tipoak 84 urte ditu.

                                                            

               "La mirada social. Un marco de pensamiento distinto para el siglo XXI" (Paidós, 2009)

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: