Albitarren hiriak, 2074 urte
Hiru dira, Albin, ikusteke utzi ezinezkoak. Lehen eta behingoz, buztin gorriko adreiluz egindako bertako arkitektura berezia. Besteak beste, 1282tik aurrera eraikitako Santa Zezilia katedrala, sekula adreiluz egindako elizarik handiena; barrengo errekan, berriz, molde bereko zubia, Frantziako zaharrenetakoa; eta, bertatik bertara, Berbie* Gotzain Jauregia, egun Henri de Toulouse-Lautrec artistaren museoa dena.
Toulouse-Lautrec museoa
Izan ere, Toulouse-Lautrec museoa da, urtean zehar jende-andanarik handiena bildu ohi duen ikuskizuna. Eta ez Erdi Aroko heresia eta erlijio-gudekin zer ikusirik duelako, harrigarri bada ere, XIX. mendeko gautxori burges paristarren bizimodua irudiztatzeko, laginik adierazgarriena delako baizik.
Henri de Toulouse-Lautrec (1864-1901) artista postinpresionista, diseinugile aparta, bat-bateko marrazkilari eta kartelgintza modernoaren maisu aitzindaria, Albiko Hôtel du Bosc jauregian jaio zen, aberats, tradizio handiko familia aristokrataren baitan. Haren bizitza osoa errotik baldintzatu zuten gurasoen endogamiak, lehenik, eta, ondorioz, erorketaz izterrezur biak hautsi eta zango motz geratu (1,52 m.) izanak, gero.
Parisa bizi izatera joan eta Montmartreko gau-giroaren kronikari grafiko bihurtu. Moulin Rouge, Folies Bergère eta bestelako kabaretetako ohiko bezero, giro hartako koristak, sexu-langileak eta sexu-erosleak pintatu zituen, inork ez bezala eta inoiz ez bezain sarri. Alkoholismoak (absenta) eta sifilisak jota hil zen, 37 urte zituela, ironia handiz Belle Époque suertatu zitzaion garai hartan.
VIII. mendeko mapamundia
Mila urte luzeko jauzia atzera eginez, non eta Albin bertan kontserbatzen da, berriz, gaur egun ezagutzen den mapamundirik zaharrena. VIII. mendeko merovingiarra, hizki bisigodoz idatzia, Paulo Orosio teologo eta historialariaren geografia-irizpideen arabera moldatua. Neurriz, 29X23 zm. baino ez ditu, ez eta batere balio topografikorik ere, baina ezagutzen den deskripziorik antzinakoena da**.
Albi, ordea, zorioneko mapa baino aurrekoagoa da. Bi mila urte luze, bai, erromatarrek Galia garaitu zutela eta, nonbait, “albitarrak” izeneko biztanleak aurkitu zituzten inguruan, Civitas Albigensium izeneko hiria sortu baitzuten K.a. 51 urtean. Albitarren Hiria, alegia. Orain dela 2074 urte.
* "Bèrbia": gotzaina, okzitainieraz.
**Mapak, oro har, Europa, Ekialde Ertaina eta Afrika kokatzen ditu, Mediterraneo itsasbazterrean. Ezkerrean, behealdetik hasita, itzulinguruka, Britainia, Hispania, Galia, Italia, Erroma, Mazedonia, Armenia, India, Persia, Antiokia, Jerusalem, Alexandria, Arabia, Egipto, Libia, Numidia, Mauritania etab. eskuinaldeko barrenean amaitu arte. Itsaso barruan, berriz, behetik gora, Korsika, Sardinia, Sizilia, Zipre eta Kreta uharteak.