Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Akihito, Euskal Herrian

Akihito, Euskal Herrian

Amatiño 2011/03/17 19:04
Japoniako Akihito Euskal Herrian izan zen orain dela 38 urte. Artean ez zen enperadorea, printzea baizik, eta Muskizko Petronor findegia bisitatu zuen orduko Asturiasko printzearekin batera. Japoniarrak berrogei urte zituen eta espainiarrak, ostera, hogeita hamabost.
Japoniak joan zen ostiraletik hona bizi izan duen larrialdi latza dela-eta, horra non Akihito enperadorea ikusi dugun aspaldiko partez, telebistan, bere herrikideak biltzen, suspertzen eta adoretzen. Akihito laurogei urte inguruko agure zaharra dugu honezkero, ile urdin eta guztikoa, baina gaztexeago eta beltzaranago zen Euskal Herrira etorri zenean.
 

Bai, 1973ko urriaren 15ean behintzat Muskizen izan zen, urtebete lehenago abian jarri berria zen Petronor findegia bertatik bertara ezagutzeko asmotan. Petronor zen ordurako –eta orain ere bada— espainiar estatuko findegirik handiena eta munduko enperadorerik antzinakoenaren arreta merezi izan zuen.

Ez zen bakarrik etorri. Agerraldian lagun izan zuen mutil-puskak “karrera“ egin du geroztik eta biei harrera eskaini ziena, berriz, Enrique Sendagorta Aranburu  enpresari bizkaitarra (Sener Ingeniaritzaren sortzaile), Bilboko Portuak eta Muskizko findegiak elkarrekin osatuko zuten apostu estrategikoaren aintzindari eta aita pontekoa.

Enrique Sendagorta Petronorren lehendakaria, bi printzeren artean, Japoniako Akihito eta Asturiasko Juan Carlos, 1973an

Bixente
Bixente dio:
2011/03/18 01:51

Oi, Amatiño! Akihito, garai haietan, ez enperadore, ez jainko, ez zen oraindik. Gaur bai, enperadore denez, jainko ere bai. Eta jainko horrek hitz egin digu oraingo honetan bere eskutik kanpo dauden arrisku apokaliptiko horretaz. Grezia Klasikoaren tragedia gogorarazten dit kontu honek: jainko, heroi eta gizakion gainetik dagoen patuan oinarrituriko ezinbertzeko drama tragiko hura, alegia. Batik bat, iberiar bazter hauetako politikari (eta sindikalista) heroiko hauen determinismo estoikoa ikusita. Nonbait, hauek erranen balute bezala: "Gure eginkizuna gizakiona da, hau da, gizakion bizimoduaren jarraipena segurtatzea; jainkoen eginkizuna, beraiek jakinen dute zein den; eta azken beltzean, bi eginkizunek talka egiten badute elkarrekin, horixe dugu geure patu tragikoa, geure eskutik kanpo dagoena"... Horretan al datza iberiar arrazionalismoa, Zapatero, enpresari handi eta estatar sindikalisten arrazionalismo "mende-eta-baldarra"?

Luistxo
Luistxo dio:
2011/03/21 11:19

Ez dut uste Juan Carlosek sekula titulu hori izan duenik: Asturiasko printzearena diot. Espainiako printze izendatu zuen Francok, oker ez banago, eta erregetza ere Francoren opari eta erabakia izan zen. Legimitate borboniko-monarkikoaren aldetik, bere aita Juan zen oinordeko dinastikoa, eta Juan Carlos errege izan ondoren egin zion uko aitak, disgustora, bere eskubide dinastikoei.

Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2011/03/21 13:26

Zerrenda honetan dago Juan Carlos:

Príncipes de Asturias

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: