Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aitzurra esku batean eta ezpata bestean

Aitzurra esku batean eta ezpata bestean

Amatiño 2024/12/27 10:55
Euskalduntze irakasle-taldea Israelen izan ginen, 1982an, hebreera-irakaskuntza ezagutzeko eta, besteak beste, urtebete lehenago israeldar gudarosteak bereganatu berriak zituen Golango gainetara eraman gintuzten. Ez ditut ahaztuko pozarren zeuden soldadu gazteen begi-ninien distirak, Lurralde Promestuaren mugetaraino iritsiak baitziren, nahiz NBEren iritziaren kontra izan. 42 urte geroago, Israelek marra hura jo eta pasa egin du Siriako lurraldeetan barrena.

Lau urte barru 80 beteko dira Nazio Batuen eraginez sortu zela estatu hebreera eta indarrean dirauen Israel-Palestina gatazka piztu. Bada liskarra ez dela inoiz konponduko uste duenik, Israel estatu judu eta demokratikoaren sorrerak kontraesana daramalako bere baitan. Alegia, Israel judua izan daiteke, jakina, eta demokratikoa ere bai, noski. Baina biak elkarrekin ezin. Antitesiak dira. Segurutik Israel da Ekialde Hurbileko estaturik demokratikoena, baina Konstituziorik ezak eta Biblia abiapuntutzat hartzeko joerak ez dute irtenbiderik errazten. Israelen, George Orwellek esango lukeenez, “denok berdinak dira, baina batzuk beste batzuk baino berdinagoak”,

Israel estatu laikua da legez, baina teokratikoa izatez, non biztanleen hiru laurdenak juduak diren eta gainerakoek baino eskubide gehiago duten. Gainera, Israelgo biztanleetatik ia %14, judu ultraortodoxoak, aparteko gizarte paraleloan bizi dira: ez dute zerbitzu militarretan parte hartzen, lana uxatzen dute, otoitza lehenesten, emazteak lapikokoa segurtatzeko eta haur-ugalketarako* babesten eta gobernuaren dirulaguntzak gutxitzat jotzen.

Galdera zera da: zortzi hamarkadaren ondotik gizartea demokratizatzerik izan ez duen Estatuak nola adostu dezake ezer inguru ez-demokratikoarekin armetan jarria ez baldin bada? Baina, noiz arte iraun lezake Israelek, Jerusalemgo harresiak jaso zituen Nehemiasek (K.a. 445-433) esan bezala, “aitzurra esku batean eta ezpata bestean”?

Urteak joan eta urteak etorri, gero eta zaharkituagoak geratzen ari dira 1948an sortzeko Israelek gogoan izan zituen lau oinarriak: sionismoa, holokaustoa, antisemitismoa eta lurraldetasuna.

Sionismoa da XIX. mendean Europan loratutako mugimendu abertzalea, segurtasun bila munduan zehar sakabanaturiko juduen “etxeratzea” (Sioneratzea) sustatzeko. Duela zortzi hamarkada lortutako helburua.

Holokaustoa, 1938-1945 urteetan nazismoak juduen kontra eragindako jazarpena ez dago zalantzan. Munduak aitortzen die juduei genozidio hura eta ez zaie erreparaziorik ukatzen. Beste kontu bat da, berriz, ondoko belaunaldiek noiz arte izango ote duten eskubiderik mozkin politikorik eskatzen jarraitzeko eta inorenak ukatzeko.

Antisemitismoa. Juduekiko gorroto eta arrazakeriarik bada ere, nekez esan daiteke judua denik gaurko munduan mespretxurik eta bazterkeriarik gehien jasaten duen kolektibitatea. Are gutxiago munduan diren judu guztien %88 Israelen eta Ipar Ameriketan bizi direnez gero.

Lurralde Promestua. Hebrearrak dagoeneko bizi dira mendez mende aldarrikatu izan duten Lurralde Promestu “seguruan”. Baina, paradoxa bada ere, gerra tarteko, Israel da egun juduentzat munduko lekurik arriskutsuena.

Orain hurrengo Mikel Ayestaran kazetariak Jerusalemdik esan bezala, Ekialde Hurbila erabat aldatu da 2023ko urriaren 7an. Hamas Israelen sartu zenetik, eta inork inoiz uste ez zituenak gertatu dira geroztik. Eta gehiago gertatuko.

Israelgo gizarteak behar du barne-hausnarketa egin. Estatu israeldarrak beti bide du aitzakiaren bat bakeari leihorik txikiena ere ez irekitzeko baina, gutxien uste duen unean, oraindik ulertzeko gertu dituen adiskideak lepo gogaitaraziko zaizkio eta, agian, ezpata ez ezik, aitzurra ere galduko du.

Honezkero, behar bada, Israelen eremurik zaurgarrienak ez daude mugaz kanpo, Jerusalem, Tel Aviv edo Haifako belaunaldirik gazteen eta prestatuenen artean baino. Baldin tradizio zaharrari badario aldi berean aitzurraz zein ezpataz aritu beharra, seguru urtero mundura ikasketan, oporretan edo lan bila atera ohi diren unibertsitari laikoek asmatuko dutela aitzurretan. Zalantza gehiago, ordea, ezpata-jokotan jarraitzeko grinarik izango ote duten.

Bitartean, gero eta gehiago diren ultraortodoxoek, ez aitzurrik eta ez ezpatarik, otoitzetan darraite, noiz Mesias egiazkoa helduko.

* Batez beste, zazpi seme-alaba familia bakoitzeko.

enpresabidea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: