Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aitzolek ez zuen biolina alferrik eskatu

Aitzolek ez zuen biolina alferrik eskatu

Amatiño 2013/01/16 23:25
Aitzol Iturriagagoitiak (Eibar, 1975) urte bi t´erdi baino ez zituen gurasoekin, oporretan, karabanan Saltzburgoraino joan eta, estreinako, kontzertu batean “sartu” zutenean. Gogoan du amak orduan esandakoa: “Aitzol, geldi eta ixil-ixilik”. Ahaztu ere ez zaio ahaztu, Eibarra heldu eta luzaro eskaka aritu izana: “nik nahi dot bioliña”. Hogeita hamabost urte geroago Euskadiko Sinfonia Orkestraren lehen biolina da.

Ez da batere bide erraza izan. Eibar, Bilbo, Madril, Leipzig, Stuttgart… Hiru hamarkada luzetan ikasi eta ikasi besterik ez du egin, saiatu eta saiatu, zaildu eta zaildu. Zer esanik ez, duela 17 urte Alemaniara bizi izatera joatea erabaki zuenetik.

Geroztik, Aitzolek hainbat biolin-lehiaketa irabazi du, Europan zehar edozenbat orkestratan bakarlari gisa jo, pare bat ganbera-musika talde sortarazi, nazioarteko zenbait masterretan maisu, Musikene ikastegian irakasle, musika garaikideaz goi mailako aditu eta, azken bolada honetan, Euskadiko Orkestraren kontzertu-maisua, kontzertinoa. Zuzendariaren hurrengoa alegia, biolin-jotzaileen artean lehena, aurrena, buruzagia.

Pozarren dago, urbitsetan. “Ez dot esango nere herrian igarle naizenik, baina bai danok ikaragarri ondo hartu nabela, eta maitatua sentitzen naizela”. Lanak urrea balio duen garai honetan, “zer esanik ez norberaren gustuko bada”.

Leipzig-eko musika-ikasketetan ezagutu zuen alemaniarrarekin ezkondua, neskatila bi dituzte, “zein baino zein polittagoak, ama bezin polittak”. Larrutik daki ez dela batere erraza Alemanian bizi eta Euskal Herrian lan egitea: “Noiz edo noiz erabagiren bat hartu beharko dogu, baina erabagi garrantzitsuak astiro hartzen dittuenetakoa naiz”.

Zirraraz gogoratzen ditu Eibarko txikitako "ipuinak": bera baino handiagoa zen lehen biolina, musika-tresna moduan baino gehiago jostailutzat erabili izan zuena; Juanito (Etxaniz) biolinistia, garai hartan Eibarko ezteguetan eta hiletetan biolina jotzen zuen bakarra; gurasoen musika-zaletasuna eta etxean umetatik ezagutu zuen giroa; aittitta Segundo (Bueno), herriko musika-bandan bonbardinoa jotakoa...

Aitzol2

Aitzol Iturriagagoitia Bueno (Eibar, 1975)

Jaime
Jaime dio:
2013/01/17 14:35
Galderatxo bat Luis Alberto: Aitzol ba al da 1957-1959 artean Escuela de Armeríako tailerretan izan genuen Xabier Iturriagagoitia maisuaren semea? Garai haietan foot-ball arbitroa izan zena, oker ez banago? Milesker.
Izan untsa.
Amatiño
Amatiño dio:
2013/01/17 15:09
Bai. Seguru asko, bai, Aitzolen aita Armeria Eskolako irakasle ohia da-eta. Jabier, behar bada, eta ez Xabier.
Hala ere, Aitzolen aitak nik baino hamar urte gehiago balitu ere (77-78), 1957an 22 urte besterik ez lituzke izango. Ez da erraza 22 urterekin maisu izatea, eta ez nuke esango Aitzolen aitak nik baino hamar urte gehiago dituenik. Azkenengo aldiz, Gabonak aurreko kontzertuan egon ginen elkarrekin Kursaalean.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: