Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aitzakiarik gabeko maisu-lana

Aitzakiarik gabeko maisu-lana

Amatiño 2022/05/23 10:55
Juan San Martinek 1974ean egin zuen Urdazubin, Axularren sorterrian, Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldia. Eta, sarrera-erantzunean, Jean Haritschelhar euskaltzainak zera esan zuen eibartarraren merituak zerrendatu ostean: “Erradazu, otoi, zer irakurtzen duzun, eta erranen derautzut nor ziren. Gogoko dituzun idazleek oihukatzen derauzkute zure bihotzeko kezka eta asmoak!”

Desertuan behatxuloa” (Alberdania, 2022) saiakera eskaini berri digun Anjel Lertxundi, ikaragarrizko idazle on eta gogotik heldua da, gero. Baina hau ez da berria. Hori denok dakigu. Entziklopedia, antologia, hiztegi eta zubitegi guztiek dakite. Inork ez bide dakiena-edo, inork esaten ez duena, bederen, zera da: Andu idazle aparta bezain irakurle porrokatu eta amorratua dela. Ezinezkoa, bestela, haren saiakera-ekarpena.

Ehundaka irakurketak eta gertakarik eragindako pentsamenduak, gogoetak eta hausnarrak dira Lertxundiren tesela-sorta berri hau osatzen dutenak. Eta, nago, oraingoan inoiz baino arinago, solteago eta zuzenago jarri dela begira bere behatxulo partikularretik, idazmoldeei dagokienez; eta askeago, zorrotzago eta burujabeago, berriz, edukien aldetik.

Esango nuke, gainera, Lertxundiren konfiantza eta segurtasun-maila in crescendo doala orrialdeok aurrera egin ahala. Nire inpresioa baino ez da izango, behar bada, baina ekinerako zenbait adierazpenek nolabaiteko desesperoa iragartzen (1) duten arren –irakurlearen laguntza-eskea garrasika oihukatuko balute bezala—, amaierako Lertxundi gero eta sendoago, zindoago eta errotuago azaltzen da, bere burua “zalantzan seguruago sentitzeaz gainera”, erdipurdikorik gabe salatzen ditu-eta Europaren nondik norakoa, euskararen eta euskal kulturaren Gruyère gazta, neoliberalismoaren lotsa etikoaren galera, prentsaren anbizioa eta miseria ezkutuak, humanitateetara dedikatzen diren askoren formazio zientifikorik eza, laisser faire leloaren ideologia edota “mundutarrok izango garela mundua hondatuko dugunak” delako sentimendu berria. 

Berrehundaka tesela, beste hainbat orrialdetan. Garai orotako eta denetariko irakurgaien aztarrenak, duela sei hamarkadako filosofia ikasketetatik hasi eta EIZIEren azken ohartxoraino. Nonbait irakurri dut idazlanean bezainbeste denbora behar izan duela dena ordenatzen. Ingeniaritza-lan hori egiteko gauza denak izango du, agian, egutegiko kronologia arrunta taxutzeko nahasmendurik (nork ez?), baina ez, behintzat, bere buruaz lar arduratzeko arrazoirik. Juan Mari Lekuonaren etorkizun-radarraz jabetzeko gai denak ondo baino hobeto du koipeztatua bere motor propioa. 

Aitzakiarik gabeko saiakera. Maisu-lana. Behin baino gehiagotan behatu (eta kontsultatu!) daitekeena  eta edozein momentutan –tarteka-marteka, zatika-- irakurtzeko modukoa. Plazer hutsa.

 (1)

 “Nork esan behar zidan mundualdia ez nuela bukatuko pandemia bat larrutik bizigabe, arrisku-taldean gainera hasiera-hasieratik”.

 “Inoiz ez bezala nahasten nituen eta nahasten ditut azken hilabeteotako datak eta gertakariak, nekez naiz kronologikoki ordenatzeko gai”.

 “Zaintzailerik gabe gelditu ziren (landareak) eta hilabeteak egin nituen urduri, halakoa irakurri, hari galdetu, honi laguntza eskatu, loreak nola zaindu asmatu nahian”.

 “Ordu asko lanean, etekin argirik gabe Ez diot inori deituko, ez dut inork pentsatzerik nahi gaizki nagoela, ez nago-eta gaizki”.

 “Hoztasun guztiz begiratzen badit (heriotzak), halaxe begiratu nahi nioke nik. Baina nolanahi portatzen dela ere, atzetik joango natzaio ahal dudan duinenen, maite dudana ez dagoen eta ni ere egongo ez naizen ez-lekura”.

 Proust esaten ari zaigu ez dugula ezer ulertu, gure baitan aurkitu behar ditugula erantzunak eta ez gugandik kanpo”. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: