Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aitaren etxearen espiritu arestitarra

Aitaren etxearen espiritu arestitarra

Amatiño 2025/06/05 11:30
Gaur betetzen dira 50 urte Gabriel Aresti hil zela (1975.06.05). Aresti dugu euskal idazlerik unibertsalenetakoa eta bere “Harri eta Herri” poema-liburua (1964) ezagunena, ez baita alferrik haren “Nire aitaren etxea defendituko dut” delakoa gutxienez 740 hizkuntzatan itzulia izan (1).

Titulu horren esangurak hain begi bistakoa dirudi ezen, uste baino gutxiagotan sentitu izan dela, nonbait, argibiderik eman beharra. Liburuak milaka aipamen, iruzkin eta literatura-kritika jaso izan ditu azken sei hamarkadotan, baina ez dira  horrenbeste izan, hitz bitan laburbilduta, aitaren etxearen  barne-espirituarekiko zertzeladak.

Hirurogei urteren bueltan, zehatzenera joz jero, ChatGPTek diosku  Gabriel Arestiren poemarik ezagunen hau “euskal identitatearen eta justiziaren aldeko borrokaren sinboloa” dela. Eta, doi-doi. etxearen esanahi sinbolikoaz galdetuz gero: “Euskal nortasuna eta hizkuntza. Familia eta jatorria. Justizia soziala eta konpromisoa”.

Ematen du denok bat etor gaitezkeela sinbologia horretaz, baina zalantzak hasten dira sareetako hainbat weborritan “aitaren etxe” hori baserri zahar antza agertzen denean. Eta ez urruneko hizkuntza ezezagunetan soilik, baita hur-hurreko zenbait Wikipedia-sarreratan, Youtuben eta euskarazko blogetan ere. Baserria gutxi balitz, bada girotze aldera, hobe beharrez, artaldez ingururatu duenik ere.

Hala ere, zer nahi delarik, Arestiren "Aitaren etxea", ezer izatekotan, lirismo nabarmenik gabeko egoitza  urbanoa da, Euskal Herria kolokan jar ditzaketen bidegabekerien kontra egiteko gertu dagoen erronka latza. Euskara goratu, maitatu eta beti euskalduna izango den Euskal Herriaren aldarria barne-barnean duena (2). Areago, Arestiren aitaren etxea “batzen gaituen euskara batua” (3) ere bada,  ezein zentzu abertzaleren beldurrik gabe euskal emozioaren (4) jabe dena,  eta Gabriek Arestik berak  Iparragirreren "Gernikako Arbolari"  atxiki zion espiritua gogorarazten diguna (5). 

Literatura onaren itxaropenetan, berriz, ezin gero, gaur eta hemen, aipatzeke utzi, Juan San Martinek  "Harri eta Herri" liburuaren lehen argitalpenaren hitzaurrean idatzitakoa. Ezin aproposagoak urte berean euskaltzain oso izendatutako eibartarraren azken hitzak: 

Nai dana esango da, baña euskal literaturari orrelako gatza ematen zaion artean, lasaiago esan genezake:  

baina nire aitaren etxeak

iraunen du

zutik

Eibar, Otsalla, 1964 - J. San Martin

  ---oo0oo---

1) Nire aitaren etxea defendituko dut. Patxi Oroz Arizkuren.

2) Jon Kortazarren informazioari esker dakigu, Arestik euskaraz ikasteko erosi bide zuen laugarren liburua, Paulo Zamarriparen ipuin-sorta izan zela, eta sarreran, Gabrielek berak eskuz idatzi zuela (1953-1956 inguruan): “Gora euskera maitegarria. Gora Euskalerri euskalduna beti!”

3) Felipe Juaristi. “Batzen gaituena”. Territorios de la cultura. El Correo, 2025.06.31

4) Jakineko erreferentzia laudatua da Manuel Azaña azken errepublika-presidentearen Espainiarekiko emozioa. Hartara, emozio politikoa zilegi da, ez da bekatu eta goresmena zor zaio..

5) “Harri eta Herri” argitaratu osteko urtean, 1965ean, sekulako polemika zabaldu zen Bilboko hedabideetan, “Gernikako Arbola”ren egilea ez ote zen, Iparragirre baino, Juan Maria Altuna musikaria. Eta hara non atera zen Gabriel Aresti Iparragirreren autoretzaren alde, ezarriz gainera, "Gernika Arbola" ereserkiaren benetako balioa ez zetzala doinuaren edo bertsoen kalitatean, zerion espirituan baizik: "el espíritu que se desprende de ella y ha hecho que todo vasco se sienta prendido en los pobres puntos de sus zortzikos menores […] para hacer de una tonada más que vulgar y de unos versos mal improvisados, el más grande canto a la libertad y a la paz que el mundo ha conocido". Hirurogei urte geroago, Xabier Kintanak horren gustuko duen ukronia gisa baino ez, “Nire aitaren etxea defendituko dut” testua Iparragirrek burutu izan balu, zer ez ote zukeen gaur esango Gabriel Arestik poemari darion espirituaz! (“Acerca de la legitimidad de Iparraguirre sobre el himno vasco Gernikako Arbola”. TXISTULARI aldizkaria 44, 1965).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: