Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aita (Madina) Gurea

Aita (Madina) Gurea

Amatiño 2015/06/17 23:00
Orfeoi Donostiarraz eta, besteak beste, Aita Madinaren “Aita Gurea” otoitzaz amaitu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2014-2015 denboraldia. Oñatiarraren lau minutuok osatzen dute, behar bada, euskal eresirik ospetsuena nazioarteko musika-arloan, gurean edozenbatek ezagutu ez arren.
Aita (Madina) Gurea

Aita Madina

Francisco Madina Zubillagako (Oñati) Txipitxaile baserrian jaio zen 1907an. Patxi mutikoari umetatik gustatu zitzaion nonbait musika, oinarrizko premiei erantzuteko arazo franko zuten gurasoek pianoa erosi baitzioten gazterik asko.

Nerabetan fraide laterandar sartu ondotik, Burgosen egin zituen teologia eta musika-ikasketak (Jose Maria Beobide organo-jotzaile zumaiarra, maisu). 1929an apaiztu eta hiru urtez Oñatin aritu ostean, 1932an Argentinara bidali zuten eta 1955an, berriz, New Yorkera. 1972an gaixotu, apirilean Oñatira itzuli eta ekainean hil zen, 65 urte zituela, 40 urtean Ameriketan bizi eta gero.

Ez zuen, ordea, Euskal Herririk ahaztu. Ez, soilik, abertzalea* zelako, baita 1936ko gerrak Argentina aldera bota zituen erbesteratuen giroa hurbiletik ezagutu eta inguru hartan (Saski Naski taldearen ikuskizunak tarteko) parte ere parte hartu zuelako.

Hain zuzen, Buenos Airesko katedralean abestu zuen Lagun Onak abesbatzak  “Aita Gurea” estreinako, eta garai hartakoak dira “La cadena de oro” zein “Flor de durazno” gautxo kutsuko operak, eta “Orreaga”, “Itzaltzuko Bardoa”, “Euskal Rapsodia”, “Euskal Sonata”, “Agur Maria”, "Tríptico de Navidad" eta beste hainbat eresti. New Yorkekoak, aldiz, “Basque Children Overture”, “Basque Christmas Suite”, “Danza” (Renoko Orkestra Filarmonikak estreinako aurkeztua), “Aranzazu” (Oñati, 1957) eta harparako (Nicanor Zabaleta) zein gitarrarako (Romerotarrak) hainbat kontzertu.

Baina, guztietatik, munduan barrena behintzat, ezagunena eta abestuena, “Aita Gurea”. Laburra (lau minutu besterik ez), ingelesezko bertsioaren jabe (“The Lord’s Prayer”) eta arras solemnea denez gero, edozein ekitaldi eta programatan erraz asko kantatzeko aukera ematen du. Izan ere, Ipar Ameriketan Euskal Herrian baino sarriago abesten omen da, edozer girotzeko nahiz ospatzeko, jatorriz euskalduna denik ere jakiteke.

 

descarga

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren grabazioa (2005)


* 1936-39ko gerraz Argentinara heltzen ziren albiste larrien ondotik burutu zuen “Missa pro Fide et Patria”. Jose Antonio Agirre lehendakariaren laguna izan zen eta, New Yorken, euskal erbesteratuen elizkizunez arduratu.

* Celin eta Pepe Romero gitarra-jotzaileek esana: “El padre Madina fue un compositor de gran inspiración y desarrollo, de una capacidad extraordinariamente amplia con un estilo muy nacionalista y al mismo tiempo universal”.

-o0o-

Orain 50 urteko anekdota

Garai hartan, kantaldiak antolatzeko, Manuel Fraga Iribarneren ardurapeko "Información y Turismo" ministeritzaren baimena behar izaten zen lortu. Eta, hartarako, abestu beharreko kanta guztien letrak, gaztelaniaz, aldez aurretik azaldu. Hogei urte nituela, neu nintzen Arrate Elkarteak antolatu ohi zituen jaialdien baimen-eskatzaile, baita, beraz, itzultzailea ere eta Eibartik Donostiara, trenez, joan etorria egin behar izaten zuena. Dena, jakina, txukun-txukun makinaz idatzia. 

Horrelako batean azaldu nintzen Donostiako bulegoan, baimen-eskabidea eta kanten itzulpen guztiak besapean neramatzala, Aita Madinaren "Aita Gurea" izan ezik. Funtzionarioak paper guztiak banan-banan miatu, Aita Madinaren kanta euskara hutsez ikusi eta galdetu zidan:

-- Y... ¿esto? ¿Por qué no tiene traducción?

-- Bueno... es el "Padre Nuestro" del Padre Madina...

-- Mire, a mí no me dé explicaciones, Vd. me lo trae traducido, y punto. 

Paperak bildu, besapean sartu, trena hartu, Eibarrera joan, "Padre nuestro que estás en los cielos..." makinaz txukun-txukun idatzi eta hurrengoan, berriro, Donostiara.

Berriro ere egingo nuke... hogei urte banitu.



Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: