Ahozkatasunetik idatzizkorako mentura
Giza- espeziearen etenik gabeko bilakaeran izan diren garrantzizko urraspideen artean ez da edozelakoa izan hitzen sortzearen eta ondoko ahozkotik idatzizkorakoa. Beren-beregiko jakin-mina, aurrenik, eta irakurle interesaturik ere izan daitekeelakoan, gero, Jose Angel Irigaray idazleak hirurogeitaka orrialde xumeko saiakera eder bezain sakona burutu du: "Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz" (Pamiela, 2024).
Duela 50.000 bat urte hasi eta oraintsuko XIX. eta XX. mendeetaraino. Ahozkotasunetik, K.a. 7.000 urtetik aurrera, “idatzizkorako mentura”. Hurrenez-hurren, leizeetako labar-artea, Ekialde Hurbileko kuneiforme grafia, Indiako ‘vedak’, Txinako tradizioa, Asia Ekialdeko idazketa logografikoa eta ondotik Ameriketan, Australian zein Afrikan sortu ziren lehen zibilizazioak eta, luzera, han-hemenka loratutako alfabetoak.
Irigaray ez da mundu zabalean barrena galtzen, eta ahozkotasunari dagozkion idatzizkoen ibilaldi zaluan hamar-hamaika orrialde eskaintzen dizkio “gurean” izan den garapenari. Irulegiko epigrafia erromatarraz hasi, Erdi Aroko esaldi solteak hurren, eta Detxepare, Leizarraga zein enparaua tarteko, XX. mendearen hasiera arte, ahozko herri-ondarea bildu zuten Azkue, Barandiaran, Donostia, Riezu, Aristia eta beste, XVII, XVIII eta XIX. mendeetako erreferentzia klasikoak lagun.
Kate honetan, harrigarri bezain ulergaitz ematen du, ordea, Lazarragaren XVI. mendeko eskuizkribua aipatu ez izanak, are kontuan izanda arabarra dela lehen erreferentzia profranoa non, gainera, “eusquel erria” ideia estreinako agertzen den, Leizarragaren eta Axularren idazlanen aurretik.
Saiakeraren osagarri gisa, Irigarayk ele-hitzarekin zerikusi zuzenik duten bi atal ezarri ditu: “Zenbait gogoeta bertsolaritzaz”, ahozkoan, eta “Intertestualitatea, plagioak eta beste”, idatzizkoan.
Oro har, liburua izugarri bakana da gaiari dagokionez eta bitxia, benetan, Irigayren beraren idazmoldez, nafar kutsuz eta kontatzeko eraz. Zenbaitetan nolabaiteko barrokismo klasikoa dario eta beste hainbatean, aldiz, paradoxa bada ere, minimalismo xuhur eta arteza.
Hirugarren belaunaldiaren jitea sumatzen zaio Jose Angeli. Batere argitasunik eta zorroztasunik galtzeke, euskal hizkuntza “goien gradora” jasotzeko gauza denaren sena. Ahozkotasunetik idatzizkorako zubigintzaren adibide bizia, bizirik bada.
1) Aingeru Irigaray "Apat-Etxebarne" zenaren seme eta Pablo Fermin Irigaray "Larreko"ren biloba.