Ahaztu egin zaigun arren
Eztegu-bidaian harrapatu ninduen Apolo XI.ren joan-etorriak, eta uztailaren 21n, afalosteko kafea hartzen, Telediarioan ikusi nuen nik lehendabizikoz Armstrong komandantea eskaileratik jaisten eta oina ilargian jartzen. Deiàko (Mallorca) hotel baten egongelan izan zen, frantsesez eta ingelesez inguratua, eta inork ez zuen ahalegin berezirik egin telebista aurrera hurreratzeko edo bolumena igotzeko, are gutxiago hu-la-la-ka aritzeko. Ikusi genuen aurrez aurre jarri zigutelako, ez gehiago eta ez gutxiago.
Hor nonbait irakurri dut ordurarteko telebista-programarik ikusienetakoa izan zela; beste informazio batek dio 600 milioi lagunek ikusi zutela, eta TVEren ingurumariak gogoratu du Espainian 20 milioi entzule izan zirela. Hau da, mundu guztiaren %3,3. Norberak esan eta norberak sinetsi.
Gogoratu dezagun espainiar merkatuan 1990 hamarkadan ekin zitzaiola audientziak zorrotz samar neurtzeari; 1980eko hamarkadan ez zela neurketarik, lantzean behingo telefono-inkesta baizik; eta hamaika urte lehenago, berriz, ezta hori ere.
Ahaztu egin zaigun arren, 1969an inor gutxik zuen telebistarik Lehen Mundutik kanpora. Europatik atera gabe ere, 1959an Eisenhower Madrilera etorri zenean TVEk telebista-irudiak zinera pasatu eta hegazkinez Erromara bidali behar izan zituen, handik Eurovisioz mundura zabaltzeko. Hau da, 1959an TVEk ez zuen artean nazioarteko telebista-sistemarekin lotura zuzenik. Are gehiago, TVEk 1971an ireki zuen Bilboko Telenorte eta 1980ko hamarkadan TVE2k lau orduko programazio baino ez zuen… ahaztu egin zaigun arren.
Beste kontu bat da TVEk zein Jesus Hermidak berebiziko programatzat jotzea edo jo nahi izatea harako hura. Normala. TVE espainiar telebistarik bakarra zen garai hartan eta normala da berrogei urte geroago hartaz baliatu nahi izatea, beraiek baitira lekuko bakarrak eta bertatik bertara birkontatu dezaketen bakarrak. Hori da, hain zuzen ere, euren balio erantsia.
Kontrakoa litzateke, hain zuzen ere, ezohikoa. Ezohikoa den bezalaxe ETBk egin zuena: sortu zeneko 25. urteurrena ospatu ez. Behar bada TVEk estimu handiegitan du bere burua baina ETBrenak ez du izenik. Baina hau beste historia bat da, ala erdipurdiko istorioa besterik ez ote?
Zilegi da, bai, zalantza. Baina zalantza kartesiarraren arabera ez da aski inorenak ukatzea, aldi berean norberaren argudioak azaltzen ez badira. Inorenak zalantzan jartzearekin konformatzea ez da metodo kartesiarra, alfer-metodoa baizik. Dena dela, prezio berean, seguru al zaude René Descartes ez dela ipuin bat?