Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Agurtzaile kementsua

Agurtzaile kementsua

Amatiño 2014/03/26 00:20
Hileta-meza hasi baino ordu bi lehenago bertan zen. Santiago katedralean sartu eta azkenaurreko bankuan jarri zen, erdi-erdiko trantsitu ondoan, agintari guztiek nahitaez, atzekoz aurrera, pasatu behar izango zuten korridore-ertzean. Nire adin berekoa eta dezente potoloagoa, zeharretara eseri zen, elizaren ate nagusitik nor sartuko kontrolatu nahirik-edo.

Ordubete geroago, hamaikak jota, EAJko Joseba Aurrekoetxea burukidea heldu ahala, gure gizona aldi berean jaiki eta eskua luzatu zion. Jeltzale leialen bat, pentsatu nuen nire baitan, “ordu t´erdi zain burukidea agurtzeko, alajaina”; baina zeharo oker nengoen.

Zenbait minutu geroago Isabel Celaá eta Rodolfo Ares paretik igarotzerakoan, berriro jaiki eta biak agurtu zituen. Baita, geroxeago, Martin Garitano eta Jose Luis Bilbao diputatu nagusiak ere. Eta, ondotik, konturatu orduko Garaikoetxeak ezustean alde egin zion arren,  Ardantza, Ibarretxe eta Lopez lehendakari ohiak banan-banan agurtu zituen. Eta Juan Mari Atutxa, Joseba Egibar eta Josu Erkoreka jelkideak eta Juan Karlos Izagirre donostiar alkatea. Eta Jose Antonio Pastor sozialista eta Josu Urrutia lehendakari zurigorria. Eta, errenkadan, ia egunero komunikabideetan agertzen diren aurpegi ezagunak, etengabe, bata bestearen ondoren. Inork ez zion agurrik ukatu. Ezta muzinik egiteko imintziorik ere, nor arraio ote zen inork jakin ez arren.

Ez zituen ordea agurtu, ezagutzen ez zituelako nire ustez, Fernando Grande-Marlaska, Juan Luis Ibarra eta Margarita Uria legelariak. Ezta Iñaki Goirizelaia errektorea eta Bakartxo Tejeria legebiltzarburua ere. Ez ikusi-edo egin zien Arantza Tapia nahiz Estefania Beltran de Heredia sailburuei, Patxi Baztarrika sailburuordeari eta Maite Iturbe EiTBko buruzagiari. Eta beste horrenbeste Josune Ariztondo bizkaitar diputatuari, Javier de Andrés Arabako nagusiari, Joaquín Achucarro piano-jotzaileari eta beste hainbat artista jenderi. Xavier Trías Bartzelonako alkateari ez zion begiratu ere egin eta Carlos Urquijo espainiar gobernu-ordezkariari, aldiz, pasamisi egin zion nabarmen, nabarmenegi apropos. Pasamisi egin zien bezalaxe ekonomia, sindikatu, enpresa eta banku-ordezkariei eta, zer esanik ez, uniformedun guzti–guztiei, nahiz gorriz, berdez edo urdinez jantzi.

Zain egon nintzen, irrikaz, zer egingo ote zuen komitiba ofiziala heltzerakoan. Eskua luzatuko ote zien Felipe Printzeari, Urkullu lehendakariari eta gainerakoei? Ez ote zen “behingoz” segurtasun-zerbitzuko inor agertuko, badaezpadan edo  baino ez?

Ez zen, ordea, ezer gertatu. Printzea aurrez aurre pasatu zen, aldamenean emazte liraina zeramala babes-ezkututzat. Gure agurtzaile kementsuak zilbot garaua  atzeratu zuen "ume ederra hitzerditxo bat esan gabe" paretik pasa zedin eta... hantxe amaitu zen inongo protokolotan jartzen ez zuen esku-emate paraofiziala.

Seguru gero zer kontatu izango zuela bazkalorduan. Inork sinetsiko al zion?

Santiago katedrala

Ezkerraldean, atzekaldean, trantsitutik hurren dagoena

Oier Gorosabel Larrañaga
Oier Gorosabel Larrañaga dio:
2014/03/28 22:23
Iñoiz irakorri dotenez, autografo-jasotzaillien estiluan, agurrak kolekzionatzen daben jentia ei dago. Gero kurrikuluma moduan egitten dabe, eta bai, alkarri bakotxan merituak kontatzen detse-eta. Seguro morroi hori háretako bat izango zala...
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: