Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Agurraren malurra

Agurraren malurra

Amatiño 2024/04/29 18:55
Christian Zacharias Donostian izan dugu bart. Agurtze aldera-edo etorri omen da. “Betidanik” ezaguna eta maitea izan da Zacharias piano-jotzailea euskal melomanoen artean (1), ez baita alferrik Hegoaldeko lau hiriburuetan urtetan aritutako interpreterik handienetakoa. Baita, inoiz edo behin, Euskadiko Orkestrarekin batera ere.

Christian Zacharias (2) ospetsuak 74 urte ditu dagoeneko, eta honezkero pare bat urte daramatza han-hemenka agur esaten. Horrenbeste zor zaio garai bateko maisurik onenetakoari. Gaur egun ez da agertzen munduko hogei piano-jotzailerik ospetsuenen errenkadan, baina zerrenda-barruan izan zen, ordea, XX. mendearen azken bi hamarkadotan (3). Christian Zacharias, Beethoven, Mozart, Schubert eta Schuman mitikoen piano-interpreterik sendoenetako izan zen 1980-1990eko hamarraldietan eta, ordurako, gazterik asko, munduan barrena Scarlettiren sonatak joeran jarriarazi zituena.

Geroztik urteak joan dira, eta aurpegi edo “esku” berriak agertarazi dira piano klasikoaren nazioarteko plazan (4). Ez du, ordea, maisutasunik galdu, nahiz hainbat ereslan arineketan jotzeko gaztetako bizkortasuna falta zaiola Christianek berak aitortu. 

Hain zuzen, bizkortasuna baino, pizgarritasunik eza leporatuko nioke nik neuk igande iluntzean Kursaalean eskainitako kontzertuari. Kritika adituak –benetan (omen) dakienak— erabat ontzat eman ditu maisuaren austeritate, seriotasun eta zorroztasuna, eta haren birtuosismoa gogotik azpimarratu. Hain adituak ez direnen (edo behar bada ezer frogatu beharrik ez dutenen) artean, ordea, bada txepel samar etxeratu behar izana aitortu duenik. Triste ez, behar bada, baina bai motelantza. Dena ondo, dena primeran, dena maisuki… bai, baina, pizgarri apurtxoren bat gehiagok ez ote lioke onurarik ezarriko agur-giroari? Kalterik nekez, behintzat. Zein garrantzitsua den, gero, unean uneko eta tokian tokiko programazioarekin asmatzea.

Baina tira, jaioko dira berriak eta beti izango dugu Christian Zacharias maisu handia gomutan. Zorionak eta eskerrik asko.

1) Ez zuen, ordea, Kursaala zeharo bete.

2) Ez du Wikipedian sarrerarik euskeraz.

3) Orkestra-zuzendaritzan jorratutako jarduerez gainera.

4) Azken belaunaldi honetan bi aldaketa nabarmen gertatu dira. Hogeirik onenen hainbat zerrendatan, dagoeneko bost emakumeak dira eta lau asiarrak. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: