Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zaharraren amiltze psikologikoa

Zaharraren amiltze psikologikoa

Amatiño 2011/02/11 17:00
Mubarak-en jarrera bere herriaren historiara gaiztotzat, galtzailetzat eta gertaera lotsagarritzat pasatu nahi ez duen zaharraren beldurra besterik ez da. Kostata baina, azkenean, inork maite ez duela konturatu den herri-salbatzailearen gainbeherakada. Jauntxoaren estrategia politikoa baino gehiago, gizajoaren amiltze psikologikoa. Eta ez dut uste horrelakorik Egipton bakarrik gertatzen ari denik.

Zuzeneko emanaldien historian gogoratu ahal izango ditugun horietakoa eskaini zigun atzo TVEk, Mubarak presidente egiptoarraren hitzaldiarekin batera. Inoiz gutxitan gero horren zuzeneko emanaldi luzea gaueko bederatzietako albistegian eta, behar bada, sekula ez, horren “suspense” handia, behingoz badoala esango ote zuen. Azkenean, badirudi ez dela udazkena arte joango, norbaitek botatzen ez baldin badu behintzat.

Mubarak-en hitzaldi ostean ez da iritzirik falta izan. Denetariko arrazoi eta argudio politikoak, militarrak, ekonomikoak zein estrategikoak aipatu izan dira, baita Mubarak diktadorearen beraren agintekeria eta herritarren eskabidea ulertu ezina edo ulertu nahi eza ere. Baina nago Egiptoko nagusiaren hitzaldiaren barnean ez ote dagoen historiara galtzaile gisa pasatu nahi ez duen agure zaharraren izua baino.

Besteak beste, Mubarak-en hitzaldiaren muina zera izan zen: zuek gazte sutsuak zarete eta, zuek ulertu ez arren, ni ere izan nintzen. Hirurogei urtez aritu izan naiz guztion aberria defenditzen, baita armetan jarria ere behar izan direnetan. Zuek ulertu ez arren, egin dudan guztia zuengatik eta zuen mesedetan egin izan dut. Nik zuek maite zaituztet eta, beraz, zuek ere maite behar nauzue. Beti izan gara bat eta bat izaten behar dugu jarraitu.  Zaudete lasai, nik agintea utziko dut, baina nere erritmoa behar dut. Ahaztu gaizki eginak eta utzi egidazue zuekin gelditzen, zuekin bizi izaten. Pentsa ezazue nitaz nahi duzuena baina arren, mesedez, faborez, utzi egidazue neri neronen balantza egiten, gutxieneko duintasunari eusten.

Funtsean, bere herriaren historiara gaiztotzat, galtzailetzat eta gertaera lotsagarritzat pasatu nahi ez duen zaharraren beldurra besterik ez da. Kostata baina, azkenean, inork maite ez duela konturatu den herri-salbatzailearen gainbeherakada. Jauntxoaren estrategia politikoa baino gehiago, gizajoaren amiltze psikologikoa. Eta ez dut uste horrelakorik Egipton bakarrik gertatzen ari denik.

                     

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: