Agure zahartzat jotzeko modu dotorea
Batetik, Odon Apraiz gure amaren literatura-maisu izana zen gerra aurrean, irakasle arabarra Geografia eta Historia katedradun aritu zenean Eibarko Institutuan (1933-1935), artean amak 13-14 urte zituelarik. Eta, bestetik, Odon Apraiz bera izan zen, 1956an, Batxilergoko Sarreran etsaminatu ninduena Gasteizen, non, bide batez, hogei urte aurreko neskatila txit argia ez zuela ahazteko maitekiro frogatu zidan, besteak beste harentzat goraintziak emanez.
XIX. mendean jaioa, gerra aurrean amaren irakasle izana eta nire umetako lehen etsaminatzaile ofizial, 72 urteko ohorezko euskaltzain hura zeharo zaharra begitandu zitzaidan, erabateko agurea, dinosauro hutsa.
Mende erdi luze geroago, Euskaltzainburuak hiruzpalau lerroko emaila bidali dit, ohorezko euskaltzain izendatu nautela adieraziz. Odon Apraiz aguretzat jo nuen 72 urte zituelako eta nik honezkero lau gehiago izan arren, ez dut, ostera, nire burua horrela ikusten. Hala ere...
Edozein modutan, segurutik era asko dago inori zahartzarora heldu dela gogorarazteko, baina Euskaltzaindiarena da, behar bada, gozoenetakoa. Eskerrik asko.