Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Agur, aspaldiko diosala, segur

Agur, aspaldiko diosala, segur

Amatiño 2021/06/04 14:55
“Hobeto gorde da zentzu honetan Bizkaian, 'adio' nagusi izan delarik oraintsu arte Gipuzkoan eta Nafarroan; XX. mendean, Bizkaitik kanpora badirudi Arana Goiriren eta abertzaleen eraginez zabaldu zela atzera” (Euskal Hiztegi Historiko-etimologikoa, 2019). Atzera, alegia, ostera, berriro…

Ez dago Euskaltzaindiaren Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa nik zer esango zain, eta esaldiak ere ez du, jakina, hemengo baiestapenik behar, baina giro hori nik neuk ezagutu izan nuen 1960ko hamarkadan. “Los del agur” deitzen gintuen zenbaitek, eta sabindar folkloriko samartzat jo beste hainbatek. Mendebaldeko agur neologismo (?), purismo eta –ismo arbuiagarri guztien adierazgarri zen, nonbait; eta ekialdeko adiyo, ostera, benetako euskaltzaletasun, jatortasun eta gainerako –tasun serafiko guztien lekuko.

Orduan ez genekien (nik ez, behintzat),  agur diosalaren lehen aipamena Kristobal Kolonek  1500 urtean idatzitako testu batean agertzen dena, eta mende berekoa, berriz,  Eugenio de Salazar idazle madrildarrak idatzitako agur xaona (1567).  

Izan ere, agur jauna hitz parea sarri agertzen da, premia handirik gabe, XVII. eta XVIII. mendeetako gaztelaniazko literatura-testuetan. Hau da, agur soila balitz, pentsa genezakeen erabiltzailea ezustean-edo ari zitekeela (abur?), baina hitz biak elkarrekin jarriz gero, bistakoa da euskarazko  erreferentzia ezagun samarra baino ezin zela  izan hainbat irakurle edo antzerki-ikusleren aurrean. 

Euskaraz, berriz, elkar aurkitzean nahiz elkarrengandik bereiztean, diosal gisa (agur), izen edo substantibo eran (agurra) edo aditz moduan (agurtu), mendero eta lurralde orotan erabili izan da gehiago edo gutxiago, Bizkaitik Pirinioetara bitartean, Ebro ibaiaren sakanetik itsasbazterreraino.

Augurium/agurum

Jatorriari dagokionez, berriz, hamaika aldiz errepikatu izan da jakinekotzat, agur adierak latineko augurium (gaztelaniaz, augurio, augurar,  inaugurar) duela sorburu. Bai, baina...

Izan ere, ez da horren ezaguna Henri Gavel hizkuntzalariaren teoria (RIEV, 1935 - Tome XXVI),  zeinen arabera, Galietako latinak eman zuen agurum* aldaera eta honek erakarri, Frantziako hegoaldean, agur eta heur.  Lehena, diosal gisa eta bigarrena, berriz,  zorte edo zori zentzuan; eta, hartara, bonheur (zoriona), malheur (zoritxarra), heureux (pozik), malheureux (malurusa) etab.

 

Agur jauna
Agustin Moreto (1618-1669) antzerkigilearen EL VALIENTE JUSTICIERO komedia. Behetik hasita, hirugarren lerroan: Agur jaunà.

* Dans les dialectes français méridionaux, agurum avait donné agur; on trouve aussi les variantes aür, augur et même argur. Ces formes apparaissent dans l'ancienne litterature méridionale avec les acceptions de "présage" ou "augure", et aussi avec celle de "sort" ou "destine"; ainsi est attestée, au moins dans sa première phase, une évolution de sens analogue à celle de l´ancien français eür. On doit en conclure que, soit dans les dialectes français mèridionaux, soit en basque même, l'évolution sémantique d'agur a dû se compléter par l'acception de "sort favorable", et c'est ainsi que le mot a pu devenir une formule de salutation, consistant en un souhait de bonheur (Remarques sur le mot agur. H. Gavel).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: