Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Agoten bertsio zintzo eta sinesgarria

Agoten bertsio zintzo eta sinesgarria

Amatiño 2012/11/18 16:40
Oraindik “Baztan” ikusi ez duenak hobe luke ikusi, benetan merezi baitu. Eta behar luke azkar ibili, ikuskizunetatik kendu aurretik, azkenetan da-eta. Iñaki Elizalde nafarraren zuzendaritzapeko ekoizpen hau da, besteak beste, eroso ikusi daitezkeen euskal film urrietariko bat. Agoten bertsio zintzo eta sinesgarria.

Aitortu dezagun: Agot ez garenok betidanik izan dugu nolabaiteko tentaldia, Bozate aldera hurreratzekoa, ea “gu ez bezalako” norbait atzemateko abagunerik dugun. Badakite bertakoek hau.  Jakin ere badakite, eskarmentuz, kanpotik hurbildu ohi zaizkien komunikabideak nabarmenkeria bila baino ez direla bertaraino joaten.

Oraingo honetan, ordea, inguruko herritarrak buru-belarri murgildu dira Baztan filmaren egintzan, ekoizpen-arduradunez fidatu dira eta honek guztiak ez du, behar bada, kalitatea segurtatu baina bai, ordea, sinesgarritasuna.

Filmak badu, jakina, dagokion fitxa aproposa. Hala ere badira kredito handietan agertzen ez diren izen bi, euskal ikuspegitik aipagarriak: Felix eta Pello Salaburu anaiak. Felixi zor zaizkio oinarrizko ideia eta bozatarren konfiantza lortzea. Eta Pellori, berriz, bertako euskaraz maisuki baliatu izana. Baita XXI. zein XVII. mendeetako moldeak bereiztu ahal izana ere.

Gero etorriko dira haria (nahasi samarra), XVII. mendeko sekuentziak (apartekoak) eta egungo pasarteak (lau-lauak), aktore-aktoresen lana (egokia), argazkia (ederra), musika (polita) eta gainerako ipi-apak, zein baino zein garrantzitsuagoak zinema-kritikaren aldetik. Baina gertakari guztien gainetik eta interpretazio guztien azpitik, filmak bertsio zintzoa eskaintzen digu, sinesgarria da eta, euskal ikusentzulearen begirakunetik, erosoa.

Unax Ugalde

Unax Ugalde. "Baztan" (Iñaki Elizalde, 2012)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: