Afrikarrek Europa inbaditu zutenekoa
Demagun patera ziztrinak alde batera utzi eta afrikarrek erabakitzen dutela behingoz Mediterraneoa itsasontziz gainditu eta Espainiako zein Italiako itsasbazterretara etortzea. Demagun Nerjako hondartzan zaudela zure bikote eta seme-alabekin opor-giroan eta, Normandiako lehorreratzea bailitzan, itsasaldetik datozkizuela milaka eta milaka lagun txalupaz, potinez, txanelez, piraguaz, kanoaz, "trasatlantikoz" edo zernahi gisatako itsasontziz.
Demagun ezhoiko jende beltzaran uholde itzel hori ikusita, hondartzan etzanda lasai asko dauden turistak batera-batera beldurtzen direla, izuak jotzen duela eta, umeak lepoan hartu eta toallak bertan behera utziz, denak ihes egiten ahalegintzen direla, nahiz eta --besterik uste arren-- etorkinak ez izan, Xenpelarren ildotik, “gerraren zale baizik lanaren alde”.
Demagun alarma gorriak Bruselako egoitzan jotzen duela eta OTANen gudarostea ziztu bizian jaisten dela Nerjako Europa Balkoiraino, heldu berri diren inbaditzaileek Europar Batasunaren interesak arriskutan jartzen dituztelakoan.
Zenbaitek uste izango du hau guztia zientzia-fikzioa dela edo neronek bart asmatu dudan amesgaiztoa baino ez. Bai eta ez. Arrazoizkoa, oraindik gertatu ez denez gero zientzia-fikzioa baita. Baina ez nik asmatua, sekuentzia horiek 1990 inguruko film batek biltzen ditu-eta. Ez naiz tituluaz gogoratzen eta, Felix Linares adiskideari aspalditxo laguntza eskatu nion arren, ezin izan dugu inon haren azterrenik aurkitu. Baina noizbait agertuko da eta, ustakabean edo, ordu arraroren batean telebistak eskainiko digu.
Filma izan bada, arasaren batean gordeta. Ahaztu ezinezko amaiera duena, gainera. Auskalo gero zer ote zen azpimarragarriago: marabunta beltz hura heltzen ikusita turista europarrek jarritako aurpegi ikaratiak... ala eurak bakean lehorreratu arren europarren ihes zoroa ulertzen ez zuten afrikarren harridura-begiak. Edozein modutan, bata zein bestea, genero honetako pasarterik ontxoenetakoa seguraski.
Auskalo zertan amaituko den Schengen hitzarmenaren afera, baina zine-zuzendari aintzindariak bezain igarleak OTAN jarri zuen orain hogeitaka urte Nerjako Europa Balkoia defenditzen. Ez dugu ukatuko paterak argudiotzat hartuta azken bizpahiru urteotan estreinako egin omen diren filmen garrantzia. Baina, garrantzia guztien gainetik, “estreinako” behintzat, ez dira. Ezta hurrik eman ere.
Eta, filma alde batera utzita... afrikarrek patxada handiz eta bake osoz benetan Europa inbaditzea erabakiko balute? Orain dela berrogei urte 550 milioi ziren. Egun, 1.200 milioi. Beste berrogei urte barru, 2.400 milioi izango omen. Nork esan du bertan geratzeko jaioko direnik?
Nerjako hondartza eta, gain-gainean, Europa Balkoia