Afrika Saharan hasten da
Afrika Pirinioetan hasten zela esan ohi zen 1960ko hamarkadan. Hendaiatik La-Jonquera bitarteko muga zorrotza zen. Ehundaka mila (1) espaniarrek Alemaniara egin zuten alde, lan bila, Gipuzkoako etxekoandre asko Baionako “Aux Dames de France” magasinetara joaten ziren duralexko platerak erostera eta, ikasturte-amaierako eskola-bidaia zela-eta, Iparraldera eramaten ginduztenean, François Hardyren (2) diskoak erosten genituen eta ikurrina edo lauburua izan zezakeen edozein domina, hautsontzi edo labanatxo galtzarpean ekarri.
Hirurogei urte geroago, bada Afrika Maroko hegoaldeko Sahara basamortuan hasten dela dioenik. Asteburu luzea aski da Euskal Herritik atera eta, Bordeleko aireportuan zehar, Atlas mendilerroa gainditu eta biharamunean desertuan lo egiteko, berbereen edo amazigen lurraldeetan. Amazigera da Rachid gidariaren ama-hizkuntza eta euskara, berriz, bere Debako ilobarena. Dena dago uste baino hurrago eta korapilatuago.
Segurutik amazigera ez da inoizko hizkuntzarik garrantzitsuena Adan eta Evaren paradisu galduan, baina munduan, euskaldun bakoitzeko, 100 inguru amazig bizi dira. Marokon soilik, 8,5 milioi, eta bertako telebista publikoak asteroko hamar orduko programazioa (3) eskaintzen du amazigeraz.
Amazigerak badu, gainera, euskarak ez duen zerbait: berariazko alfabetoa, Tifinagh deritzana. Tifinagh alfabetoaren jatorriak bi mila urte luze ditu, nahiz XIX menderako erabat galdua izan, Tuareg nomaden artean-edo izan ezik. Geroztik Magreb-eko herrialdeetan han-hemenka berreskuratzen ari dira, esaterako Marokon, non 2003an. proposamena ontzat eman ondoren, 2011an Konstituzioak hizkuntza ofizialtzat jo zuen.
Alfabeto latinoaren ordenaren (A-Z) jatorria historiaren leizezulo ilunean galtzen da. Latinak etruskoengandik hartu zuen, hauek greziarrengandik eta grezierak Feniziatik, aramerak eta hebreerak bezala.
Amazigeraren ordenaren jatorria lirikoagoa da, ordea, eta ez hain iluna. Nonbait bada antzinako esaldi zaharra alfabetoko hitz guztiak biltzen dituena, eta alfabetoak ordena hori jarraitu besterik ez du egiten, arrasto gisa, inori ahaztu ez dakion: “awa näk, Fadîmata ult ughnis, aghebbir nnit ur itweddis, taggalt nnit märaw iyesân d sedîs”(4).
1) Bi milioi lagun inguru, nonbait, 1960tik 1973ra bitartean.
2) Nork ez zuen orduan "Tous les garçons et les filles" kantatzen?
3) Europar Batasun demokrata eta zibilizatuan, non herri-hizkuntzak gogotik zaintzen omen diren, Irlandako telebista publikoak 33 ordu/asteko eskaintzen ditu gaelikoz eta RTFak, Iparraldean, hutsaren hurrengo euskaraz.
4) ”Naiz ni, Fadimata, Ughnisen alaba: haren aldaka (mokorra) ez da ukitzen; haren dotea hamasei zaldikoa da».
.
Arabieraz, amazigeraz eta frantsesez