Afrika, hain hurbil eta hain urrun
Bernardo Atxaga eta Andres Urrutia, Erlea-4 alearen aurkezpenean
Ahalegin handiagoz edo txikiagoz, herri-hizkuntzen aldarrikapena arrunt samarra da Europako mendebaldean baina ez, ordea, batere ohikoa gainerako kontinenteetan. 1990eko hamarkadan aritu nintzen telebistarik zutenen herri-hizkuntzen inbentarioa egiten eta, Kanadatik Papua Ginearaino, Afrikan eta Asian barrena, guretzat horren ezinbestekoak diren Euskadi, Katalunia, Galizia, Flandria, Irlanda edo Galesko esperientziak salbuespen soilak baino ez dira munduan zehar.
Telebista da tokian tokiko gizarteak bere herri-hizkuntzaz duen balorazioaren ispiluetakoa, eta erabakitzaileena ez da hiztun-kopurua, atxikimendua eta politika zein ekonomia-burujabetza baino. Kitxua, aimara, swahili eta beste edozenbat hizkuntzek euskarak baino milioika hiztun gehiago izan arren ez dute Europan bezainbateko mugimendurik sortarazi. Inork ez ditu zalantzan jartzen Hego Ameriketan gertatzen ari diren indigena-mugimenduak baina nork uste du espainieraren edo portugaleraren aukera nagusia arriskuan dagoenik?
Nigeria da egun --Brasil, Errusia, India, Txina, Mexiko, Malaysia eta beste hiruzpalaurekin batera-- ondoko urteetan susperraldi ekonomiko nabarmena izango duten herrialdeetakoa. Nigeria da, aldi berean, biztanlerik gehien (160 milioi) duen herrialde afrikarra. Bostehunetik gora dira bertan bizirik dirauten hizkuntzak eta, askatasuna 1960an lortu arren, mende erdi geroago ingelesak jarraitzen du ofiziala izaten. Nigeria ez da, jakina, Afrika osoa baina bai adibiderik esanguratsuenetakoa.
Europako interes kolonialek Afrikaren zatiketa murriztu zuten 1884an, politikaz, ekonomiaz, kulturaz zein hizkuntzaz. Orduan erabaki omen zen afrikarrek arabieraz, ingelesez, frantsesez edo portugaldarrez mintzatu zitezen. 1962 urtean, berriz, hainbat afrikar idazlek “zer da afrikar literatura?” hausnartzeari ekin zion eta, geroztik, eztabaida areagotu baino ez da egin.
Erlea aldizkariaren laugarren alea gai honi datxekio beste hainbat zertzeladaren artean eta, besteak beste, jarrera kontrajarri bi laburbildu. Batetik, Obiajunwa Wali idazlearekin batera uste dutenak zalantza gutxi dagoela “afrikar hizkuntzak ezinbesteko galbidean egongo direla baldin eta nolabaiteko literatura inteligentearen adierazpide ez badira, eta galbide horretan amiltzeko modurik onena ingelesez edo frantsesez afrikar literatura sor dezakegulako gure ilusio honekin jarraitzea dela”. Eta, bestetik, aldiz, Ken Saro-Wiwa nigeriarraren lekukotasunarekin bat egiten dutenak: “Khanaz idatziko banu, berrehunen bat mila lagunentzat ariko nintzateke, gehienak irakurtzen eta idazten ez dakitenak. Ingelesez idatzita, berriz, hipotetikoki mintzatuz, 400 milioirengana irits naiteke. Hori ezin daiteke txarra izan. Beraz, niretzat, ingelesa tresna aproposa da, boligrafoa, edo banku sistema edo ordenagailua bezalatsu <…> Ingelesez idazteak ez dit galarazi khana nire ama-hizkuntzan idaztea”.
Segurutik ez da nazio- edo literatura-eztabaida soila, baita gizabanako-jarrera eta lanbide-aukera ere. Badakit berdin-berdina ez dena baina, Xabi Alonsok Real Sociedad-en ala Real Madrid-en jokatu beharko luke? Nik zer nahi nukeen badakit. Eta berak? Benetako aukerarik ba al du?
Dena den, literaturak badu futbolak ez duen maratila: itzulpena. Euskal literaturak azken urteotan landu berri duen maratila alegia. Aterabide ala galbide ote den… nik neuk ez dakit.