Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aezkoatik Garazira, Organbidetik

Aezkoatik Garazira, Organbidetik

Amatiño 2016/06/27 00:05
Ibon Martinen nobela beltzak (“La fábrica de las sombras”, 2015) edozenbat irakurleren artean izan duen arrakastak turismoa areagotu omen du Orbaitzetan. Hala ere, Itolaz errekaldeko ola zaharrik ez balitz ere, inguruak merezi izango luke bisitaren bat edo beste, ez baita alferrik Aezkoa eta Garaziren arteko mendi-bide arras polita, Azpegi harrespila, Harpea haitzuloa eta Urkulu dorrea lekuko.

Ez du batere aurkezpenik behar, Orreagan eta Luzaiden barrena, Iruñerritik Donibane Garazira doan bideak, Ibañetan zehar Nafarroa Beheretik Garaira datorren Santiago-bide berberak. Nabarmen ezezagunagoa da, aldiz, Garralda eta Orbaitzetatik gora Ezterenzubiraino doan basabide estua.

Ikusgarria Organbide mendate gainean bertan, kamino-bazterrean dagoen Azpegiko harrespila, bere barneko "hutsune" oteizarraren baitan Aezkoa eta Garazi eskualdeak elkarrekin uztartzen dituena. Orain 3.500 urte inguruko Burdin Aroan harriok bildu zituztenek nekez sumatu zezaketen noizbait, nolabait, sasimugaren batek erdibituko zuenik euren hilobiaren magia.

Organbide mendate gainetik, ekialdera, Harpea haitzuloa, umeekin joateko moduko bidezidorraren muturrean. Eta, mendebaldera, berriz, ezkerreko bidetik gora, Urkulu dorrea, duela hogeita bat mende erromatarrek garaikur garau gisa eraikitakoa, Iruñetik Akizerako galtzadan.

Beherantza, berriz, Donibane Garazira bidean, Ezterenzubi, herrixka zuri-zuria, non, besteak beste, sortu ziren Manex Etxamendi (1873-1960) bertsolaria, Eñaut Etxamendi (1935- ) idazlea eta Manex Goihenetxe (1942-2004) historialaria.

Eta bide batez, ez gero ahaztu, Orbaitzetako ola zaharraren plazan bertan, sekulako ardi-gazta, errazegi jaten diren horietakoa.

Amaitzeko, aholku bat baino ez: joatekotan, ez behintzat euri-lanbrotan joan, Pirinioetan eta mila metrotan, lanbroa itsua baita, itsu-lanbrorik inon bada.

ArkupeabeheraItolaz erreka, Orbaitzetako ola zaharraren arkupeetan barrena

Megalitikoa

Azpegiko harrespila. Ezkerreko harri handia, Aezkoan. Aurrez aurre duen bestea, Garazin.

urkulu (2)

Urkulu dorre erromatarra, Iruñetik Akizerako galtzadaren zelatari

Mapa

Ezkerraldeko bide gorria, ohiko Santiago-bidea. Eskuinaldeko horia, berriz, ezohikoa bezain polita

Oier Gorosabel Larrañaga
Oier Gorosabel Larrañaga dio:
2016/06/30 08:21
Iñoiz egindako 3-4 biajerik gogoangarrixenak oiñaz eta bakarrik egin dittudaz; euretako bat hortitxik pasau zan. Ahüzkitik nentorren eta Arrosara nindoian, laiño artian eta brujula barik.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: