“Zitekeenik txarrena gertatu da”
Modernitateak erakarri zituen espedizioen epopeietan mitikoa da harako agurra, “Livingstone doktorea, ezta?”, Henry Stanley kazetariak David Livingstone mediku eta misiolari ospetsuari esan ziona, halakoren batean Tanganika inguruan aurkitu zuenean. Ez da horren ezaguna, baina nabarmen erabakigarriagoa, ordea, Roald Amundsen (bide gorriz) aurreratu* izanaz jabetu bezain laster, Robert Scottek (bide berdez) Hego Polora bigarren heldu eta, amorruz, tristuraz eta etsipenez, esandakoa: “zitekeenik txarrena gertatu da”.
110 urte ere, Scott itzulerako bidaian hil zela, molokot egin ostean, gosez, nekez, ekaitzez eta izotzez lur jota. Hain zuzen, historialariek une hartan bertan jotzen dute amaitutzat XIX. mendeko espedizio handien urrezko garaia.
Geroztik, Antartikak bere sekreturik handienak galdu ditu. Honezkero erabat mapatua dago kontinente osoa, itsasbazterreko perimetroaren (53.600 km.) zein gailurretako (Vinson, 4.892 m.) profilen kartografia zehatzaz. Guztia, Zirkulu Polar Antartikoaren zirkunferentziaren (16.000 km) barruan.
Antartikak 14.000 km2 ditu, Europa osoak (Groenlandia eta Uraletarainoko Errusia barru) baino gehiago. Hala ere, Europak 750 milioi biztanle dituen artean, Antartikak 5.000 lagun baino ez ditu biltzen, uda-giroan, han-hemenka sakabanatutako berrogeitaka base zientifiko zein militarretan eta inguruko beste horrenbeste aerodromotan.
"Zitekeenik txarrena gertatu da" bota zuen zeharo ernegatua Scottek bigarren heldu zela konturatu zenean. Amundsenek, aldiz, pozarren, ironiaz adierazi zuen: «Inork ez du inoiz lortu bere nahien hain kontrako helbururik. Ipar Poloaren inguruko eremuak haurtzarotik liluratu ninduen, eta orain Hego Poloan nago. Ezer arraroagorik ba al dago ?»
ANTARTIKA. Hego Amerika, Hego Afrika eta Australiaren artean.
Antartikaren penintsulatik Txileko itsasbazterrera 1.000 kilometro inguru daude, Baionatik Bruselara beste.
Antartikatik Hego Afrikara, 5.100 km., Andaluziatik Europako Ipar Muturrera (Norvegia) adina.
Eta Zelanda Berritik Antartikara, berriz, 4.500 km., Euskal Herritik Ipar Muturrera bezainbat.
*Amundsenen garaipenaren arrazoirik nagusienetakoak
1. Amundsenek ez zion inori ezer esan. Ipar Polora joatekotan zelakoan, azken unean egitasmoa aldatu eta Hegoaldera abiatu zen.
2. Amundsen teknikoagoa zen (esperientzia gehiago eta jantzi egokiagoak). Scott, aldiz, lehen eta behingoz, zientzialaria.
3. Amundsen artez arte abiatu zen, nola edo hala aurrena heltzeko. Scott, ordea,, fosilak zein geologia-laginak biltzen eta froga zientifikoak egiten hainbat bider geratu zen.
4. Amundsenek, Artikoan ikasia, Groenlandiako txakurrak erabili zituen eta Mongoliako zaldiak, aldiz, Scottek. Zaldiak goserik eta izoztuak hil zitzaizkion Scotti, eta Amundsenek, ostera, bere zenbait txakur hil zituen bueltan, taldekideak eta gainerako txakurrak ganoraz elikatzeko.