Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Adarra jotzearen musika

Adarra jotzearen musika

Amatiño 2012/04/22 17:00
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Tronpa Taldeak saioa eskaini zuen atzo, larunbat goizez, Errenteriako Andra Mari abesbatzarekin batera, Miramongo egoitzan. Ezustekoak gero larunbatetan eratu ohi diren “matinée” hauetan isilik misilik eskaini ohi diren aukera-maukerak, azken asteburu honetako Brahms, Schumann eta Schubert tarteko. Gure ongizate-gizarte oparoari darizkion soberakin horietakoa. Lujo hutsa.

Tronpa, haize musika-tresna, ereskina.  Noizbaiteko adarra da egungo tronparen jatorria. Ehiza, gudua, agindua, mezua… “deiadar” egiteko adarra, hitzak berak dioenez.

XIX. mendearen hasiera arte, adarrak ez zuen erregistrorik ganorazko musika egiteko lain. Sortzez animalia-adarrez (edo molusku-oskolaz) egindako turuta,  burdinaz egin ohi zen Erdi Aroan eta, behar besteko maskorrik ezean, non asmatu eta urratu gutxi eskaintzen zizkien konpositoreei. Baina, 1815an pistoiak ezarri eta landu zirenetik hona, adarrak, tronpak edo dena delakoak hainbat urrats jorratu ditu, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren sei tronpa-joleak (adar-joleak ote?) lekuko.

Auskalo zergatik baina Iberia zaharreko egungo lau hizkuntzetan (galegoz, gaztelaniaz, katalanez eta portugaleraz) musika-tresna horri tronpa esaten zaion artean, europar mendebaldeko gainerako hizkuntza gehientsuenetan (frantsez, italieraz, ingelez, alemanez, polonieraz, hungarieraz, danieraz, nederlanderaz, Eskandinabiakoetan eta bestelakoetan), aldiz, adarra (cor, corn, corno, horn, waldhorn, valdhorn, hoorn, kürt…) . Baita esperantoz ere, korno.

Tronpa eta corn hitzetatik datoz, jakina, Europa guztian zehar tronpeta eta korneta baina, esan bezala, Pirinioetatik iparraldera, denean, adarra (corn) eta hegoaldean, aldiz, tronpa. Ezinbesteko galdera zera da, ordea: eta euskaraz? Zein litzateke hobetsi beharreko tradizioa?

Euskaltzaindiak ontzat ematen ditu tronpa, tronpeta eta korneta. Baita, jakina, adarra ere, musika-tresna gisa, euskal hiztegirik gehien-gehienek bezalaxe: “Plazan sartuaz batera hasi ziran gazteak adar handi bategaz soinua joten" (Labayru). Hala ere, tronpak barrokoa, klasizismoa eta erromantizismoa ezagutu zituen artean, euskarazko wikipediaren ustetan behintzat, adarrak ez bide du oraindik neolitiko-garaia gainditu.

Ibon Sarasolak (Euskal Hiztegia, 2007) tronpa nahiz adar biltzen ditu eta biei antzinatasun berbera eman (1562), ez baitira nonbait alferrik biak elkarrekin agertzen estreinako Landucciren hiztegian (hegoaldekoa, Mitxelenak aurreratu bezala, eta Gasteiz ingurukoa edo, Koldo Zuazori jaramonik egitekotan).        

Pierre Lhandek (Dictionnaire Basque-Francais. Paris, 1926) ere biak biltzen ditu baina adar adierari dagozkion lokuzioak lehenetsi edo: Adar: Corne à sonner, deiadar, C. olifant. Adarrak io: sonner le charivari. Adar-turanta: cor de chasse.

       Korneta Tronpeta

                                               Korneta                                                         Tronpeta

                                              Tronpa

                                                                          Tronpa edo adarra

Olifant

Olifantea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: